45. Abesbatza lehiaketa

Arretxeren omenez, 45. Abesbatza Lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 17a, 14:59
Krisiak sekula baino gogorrago eragin dio aurten, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketari. Antolakuntzan tinko jarraitzea erabaki dute, ordea, TEEKo kideek, eta azaroaren 1etik 3ra bitarte munduko ahotsik onenetakoak izango dira Tolosan.

Zendu berri den Migel Arretxek erabat hartu du, gaur, Topic zentroko aretoa. 45. Abesbatza Lehiaketaren aurkezpena izanda ere, hura gogora ekartzeko hitz eta gorazarreak izan dira nagusi, eta Elena Basagoitiak, Ibai Iriartek eta Ikerne Badiolak aurtengo lehiaketa bere omenezkoa izango dela nabarmendu dute.

"Tolosa munduan jartzen du lehiaketak, eta mundua Tolosara ekartzen du era berean", Ibai Iriarte alkatearen ustez. Horrela, guztira hamar herrialdetako hamasei abesbatza izango dira, azaroaren 1etik 3ra, Tolosan. Horrela, Herrialde Katalanetako, Indonesiako, Finlandiako, Madrilgo (Espainia), AEBetako, Estoniako, Errusiako, Txekiar Errepublikako, Suediako eta Alemaniako ordezkari musikalak izango dira Leidor aretoko oholtzan.

Bi motatako abesbatzek parte hartuko dute 45. lehiaketa honetan: batetik, ganbera abesbatzak etorriko dira, ahots nahasi nahiz ez nahasietakoak. Hauek, polifonia eta folklorearen sailean ariko dira; erlijiozko musikaren saila ez da izango, beraz, eta emanaldi guztiak Leidor aretoan izatea aurreikusi dute.

Aurten, gainera, iazko lehiaketan izan ez ziren haur abesbatzen atala berreskuratu dute TEEko antolatzaileek, eta jendearen kuttunenetakoa dela nabarmendu: "Krisiak dirauen bitartean, ahots taldeen saila eta haur abesbatzena txandakatuz joango gara urtez urte. Dena den, egoera ekonomikoak hobera egin bezain pronto, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren jatorrizko formatoa berreskuratu nahi dugu", azaldu du TEEko lehendakari Elena Basagoitiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura, gazteria eta kirol diputatu Ikerne Badiolak, Tolosako abesbatza lehiaketa oso bere sentitzen duela azpimarratu du, "abesbatza batean aritutakoa bainaiz". Horrekin batera, tolosarrek ere bere egin duten egitasmoa dela uste du diputatuak, eta "errotuta" dagoela nabarmendu du. Horrela, lehiaketaz kanpo ere Tolosara bertaratzen diren abesbatza guztiek Gipuzkoan, Euskal Herrian nahiz kanpoan eskaintzen dituzten emanaldiei garrantzia berezia eman dite; guztira, 70 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte.

Azkenik, lehiaketatik kanpo, baian Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren inguruan antolaturiko hiru saio ere izango dira. Batetik, larunbat honetan abesbatzen Topaketa izango da, emanaldi baten bidez, 20:00etatik aurrera, San Frantzisko elizan. Era berean, azaroaren 2an, Camerata Reale taldearen emanaldia izango da 19:30ean Leidorren. Aazkenik, azaroaren 3an, kontzertu oso berezia entzungai izango da Topic zentroko aretoan: KEA ahots taldearen eskutik, Joxelu Anduezaren eta Iñaki Epelderen omenezko emanaldia izango da.

Aipatzekoa da, lehiaketako saio guztietako, nahiz sari banaketako sarrerak eskuragarri daudela jada, www.kutxasarrerak.net atarian.

Erlazionatuak

45. Abesbatza Lehiaketa, amaiera ekitaldia

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 04 Tolosa

Suediarren magiak liluratuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 03 Tolosa

Haur abesbatzak kantuan

Tolosaldeko Ataria 2013 aza 02 Tolosa

Parte hartuko duten abesbatzak

Iñigo Terradillos 2013 aza 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!