45. Abesbatza lehiaketa

Elena Basagoitia: «Mundu guztian erreferentzia bilakatu da Tolosako Abesbatzen Lehiaketa»

Jon Miranda - Asier Imaz 2013ko urr. 31a, 13:09
Abesbatza Lehiaketa Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen du, eta Elena Basagoitia bertako lehendakaria da. 45. edizioa gogo handiarekin prestatu dute, eta azken egun hauetan «ero moduan» dabiltzala dio Basagoitiak. Abesbatza zaleak direnak bertara gonbidatu ditu ekinbideko lehendakariak, eta ez direnak, berdin: «Ziur nago behin joaten baldin badira, errepikatu egingo dutela».

Migel Arretxeren hutsunea nabarmena izango da aurtengo lehiaketan.  
Bai, zalantzarik gabe. Lan asko egin duen pertsona bat joan zaigu. Lotura handia eduki du ekinbide etxearekin hasieratik, 1987. urtetik, eta bai, bere falta sumatuko dugu.

45. edizioa da aurtengoa. Gutxik jarriko dute lehiaketaren maila zalantzan?
Nik uste dut mundu guztian zehar erreferentzia dela Tolosako abesbatza Lehiaketa.

Hasiera hura nolakoa izan zen?
Duela 45 urte bitartekoak ez ziren berdinak. Hasieran, lehiaketa xume bat bezala hasi zen, baina pixkanaka-pixkanaka indartzen joan da. Gero eta abesbatza hobeak etortzen hasi ziren, eta batak bestea ekarri, eta hementxe gaude.

Nazioartean, beraz, bere lekua egin du Tolosak.
Bai, eta hori, urtez urte egindako lanaren emaitza da. Nire ustez helburuak argi daude; abesbatza onak hona ekartzea, eta Euskal Herriko musika ezagutu eta ezagutzera ematea.

Bertako herritarrek ere asko ikasi zuten abesbatzen munduaz.
Hori argi ikusten da jendea entzutera joaten denean; abesbatzen bat entzun orduko normalean badaki ondo edo ez hain ondo abestu duen, eta hori txaloka hastean nabaritzen da. Nik uste, Tolosa eta inguruko herritarrek belarria ondo landuta daukatela.

Antolakuntzarako orduan baliabideak garrantzitsuak dira. Nondik lortzen dituzue?
Azken bost urteetan finantzaketa %40 inguru murriztu da, orduan aldaketak egin behar izan ditugu. Iaz,  ahots taldeak eta haur abesbatzak urtez urte txandatzea erabaki genuen. Lehen, lau eguneko lehiaketa izaten zen, eta aurten, hiru besterik ez dira izango. Gu ere egokitzen ari garela esan beharko dugu.

Noren laguntza izan duzue?
Ekonomikoki gehienbat erakunde publikoena: Kulturako ministeritza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Tolosako Udalarena. Horiekin batera, Tolosa Gasa eta El Diario Vasco ere laguntzaileen artean daude. Orain arte, beste erakunde batzuen babesa izaten genuen, baina aurten ez dira egongo horiek.  

Nola hautatzen dituzue abesbatzak?
Musikariz osatuta batzorde artistiko bat dago, eta hauek urte osoan lanean aritzen dira. Han eta hemengo abesbatza asko entzuten dituzte, baita eskaerak jaso eta aztertu ere. Une honetan, datorren urteko abesbatzekin ari dira lanean.

Abesbatzak zuzenean ikusten al dituzte, edo gaur egun hori ez da beharrezkoa.
Gaur egun internet bidez lan gehiago egiten da, diskoak eta grabazioak entzunez. Garai batean, bai, hara eta hona ibiltzen ziren, baina esan bezala, gaur egungo bitartekoekin hori ez da beharrezkoa.

Tolosan egiten duten egonaldia ere zuek antolatzen duzue.

Alde batetik bidaia dago. Batzuk laguntzak jasotzen dituzte horretarako, eta besteak, euren kabuz moldatzen dira. Gero ostatua, otorduak, eta abar gure kontura izaten dira. Hori guztia lotzeko lan eta azpiegitura asko behar izaten dira.

Lanerako, zenbat lagun mugitzen ditu abesbatzen lehiaketak?
50-60 inguru, eta gehienak boluntarioak dira. Hemendik, gainera, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, euren laguntzarik gabe abesbatzen lehiaketa hau aurrera ematea ezinezkoa izango baitzen.

Nondik etorriko dira abeslariak?
Hamasei abesbatza etorriko dira: Alemania, Txekia, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Estonia, Finlandia, Indonesia, Errusia eta Suediatik.

Europako Sari Nagusiaren zirkuituan dago Tolosako lehiaketa.
Sei herrialderen artean jokatzen da Europako Sari Nagusia, txandaka. Tolosan 2011. urtean izan zen.

Tolosara itzuliz, lehiaketak zein atal ditu?
Aurten, bi sailetan hartuko dute parte. Alde batetik, haur abesbatzak egongo dira, eta gainontzekoak ganbera abesbatza sailean ariko dira. Azken hauen artean, batzuk ahots nahasietan eta besteak ahots berdinekoetan.

Estilo desberdineko obrak ere egongo dira.
Alde batetik, polifonia daukate, eta bestetik, euskal musika eta folklorea. Euskal abesti bat kantatzera behartuta daude, baita norberaren herriko folkloreko bi abesti ere. Polifonian,erdi aroko edo garai bateko abesti batekin batera, XX. mendetik aurrera idatzitako bi obra kantatu behar dituzte.

Haurren abesbatzek urtero jendetza biltzen dute.
Atera orduko saldu dira aurten ere haurren abesbatzako sarrera guztiak. Larunbatean izango da, eta ilusio handia sortzen dute ikusleen artean.

Nondik etorriko dira?
Madriletik, Estoniatik, Errusiatik, Txekiatik, eta Kataluniatik. Guztira zazpi abesbatza izango dira. Normalean 40 haur inguruk osatzen dute bakoitza. Lehiaketan parte hartzeaz gain, zirkuitu moduko bat egiten dute, bost edo sei kontzertu emanaz Euskal Herrian. Eurentzat oso polita izaten da; etxetik urrun, kultura berri bat, bidaia...

Aurten ez da egongo Euskal Herriko abesbatzarik.
Azken urteetan parte hartu izan dute, baina aurten ez da tokatu, beraz, hurrengoan izango da. Maila badago, eta hori egongo diren kontzertu berezietan ikusiko da, Kea taldeak hartuko baitu parte.

Lehiaketa ostiraletik igandera izango bada ere, topaketak aurreko asteburuan izan ziren.
Abesbatzen Topaketa izaten da lehen ekimen, eta hortik aurrera, dena segidan etortzen da. Ondo atera zen, eta gustura egon ginen bertan. Oñatiko eta Hondarribiko abesbatzak etorri ziren, eta biak oso ondo aritu ziren; kontzertu polita izan zen.  

Emanaldi bereziekin jarraituz, larunbatean, lehiaketatik kanpo Camerata Reale ariko da.
Ganbera abesbatza da. Duela urtebete eskas sortu zen, Madrileko Teatro Realeko abesbatza titularraren eta Intermezzo abesbatzako lagunen artean. Guztira, zortzi herrialde desberdinetako hamabi pertsonez osaturik dago. Musika da euren pasioa, eta Leidorren oso kontzertu polita eskainiko dutela uste dut.

Lehiaketara etortzen direnek Leidor aretoa asko goraipatzen dute. Gustura al zaudete lekuarekin?
Duela urte batzuk egin ziren obrak bukatuta asko irabazi du sonoritatean eta oholtzan. Orain ondo dago.

‘In Memorian’ antolatu duzue igandean, zergatik?
Hasieran Topic-en zen egitekoa, baina azkenean, San Frantziskon izango da. Sarrera bila jende asko gerturatu da eta Topic txiki gelditu zaigu. In Memorian Iñaki Epelde eta Joselu Andueza omentzeko antolatu dugun kontzertua da, izan ere, bi pertsona horiek lotura handia izan dute Tolosako Ekinbide Etxearekin. Gure esker ona adierazteko izango da omenaldia. Sorpresa bat ere egongo da, pieza berri bat estreinatuko baita.

Azkenik, igandean, sari banaketa ekitaldia eta bazkaria izango dira.  
Orduan banatuko dira sari guztiak, eta tartean, nagusia. Irabazleak Europako Sari Nagusian hartuko du parte, Tolosa ordezkatuz. Ondoren bazkaria izango da, eta agian, hori izaten da momentu politenetakoa. 800 lagun inguru biltzen gara jaialdiari amaiera emateko. Abesbatza guztiez gain, herritarrak egoten dira, izan ere, nahi duenak txartela erosteko aukera dauka.

Txartelak aipatu dituzula, sarreren salmenta nola doa?
Haur abesbatzen lehiaketarako guztiak saldu dira, eta amaiera ekitaldirako gutxi gelditzen dira. Beste emanaldietarako oraindik gelditzen dira, baina salmenta ondo doa.

Erlazionatuak

45. Abesbatza Lehiaketa, amaiera ekitaldia

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 04 Tolosa

Suediarren magiak liluratuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 03 Tolosa

Haur abesbatzak kantuan

Tolosaldeko Ataria 2013 aza 02 Tolosa

Parte hartuko duten abesbatzak

Iñigo Terradillos 2013 aza 01 Tolosa

Arretxeren omenez, 45. Abesbatza Lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 urr 17 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!