Plazandre izateari fobia. Eta, hitzez hitz, tipularen antzera, lotsaren, beldurraren, betebeharren, izan beharren, estereotipoen… geruzak kentzen joan naiz. Baina, begira gauzak –gizarte heteropatriarkala– nola diren, legealdia bete dudala orriotan iritzia ematen eta, oraindik, ez naizela iritzi emaile sentitzen.
Ordutik hona, ATARIA aldatu da. Eskuartean duzuen astekaria sortu, sarera salto egin eta etengabe berrasmatu da. Azken dantzarik ez zatekeen izango, aurreko dantzaldirik gabe. Eskerrik asko, beraz, espazio hutsa nire hitzekin aberatsagoa dela sinestarazten ahalegintzeagatik, eta bide honetan bidelagun izateagatik. Topa!
- «Betiko leloei barre egitean, hainbestetan kexu garen topikoen makinaria elikatzen dugu» (Topiko tipiko 2014).
- «Emakumeen zereginak jaiotzatik diktaminatzen dira: umeak ekarri, gizonari plazera eman eta musu trukeko zaintza egin» (Guarra, Zorra, Puta 2015).
- «Plazerezko bakarrizketak gaizki ikusiak daude, eta ohean hirukotea ere txartzat hartzen da» (Debekaturik daude zifra bakoitiak 2016)
- «Egoerak aurrez piztutako gogoa itzaltzen hasia izan arren, hitzak jan ditzan, musu eman diot» (IV: Kuleroak 2017)
Esandakoengatik gorritu ditudan gertukoei, besarkada; tabuak ziren gaiak iritzi artikuluen aitzakian mahaigaineratu dituztenei, begi keinua; bestelako ustea izanagatik ulertu nahi izan nautenei, eskerrak; oskola nirekin kendu dutenei, estutu bat.
Zuekin batera, ahizpak*, deseraikitzen daramatzat idazten pasatu ditudan urte hauek guztiak, eta ederra da bide horretan eraikitzen ari garena! Kalean, asanbladan edo Emakumeen Etxeko atarian ikusiko dugu elkar… Bideak elkar gaitzala!