Topiko tipikoa

Apirilaren 7a, astelehena. San Frantzisko pasealekuan jende ilara luzea, guztiak, Leidor zinema dute jomuga. Leihatilan «sarrerak agortuta» dioen kartela; sarrerarik gabe geratu dira hainbat eta hainbat, ohiko ikusleak tarteko. 21:00ak eta aretoa beteta. Filmaren titulua atera orduko, guztiak, algara batean: '8 apellidos vascos'.

Karkaraka film osoan zehar, barre egiteko agindua emango baliete bezala. Bukatzean, harrotasunez, euskaldunon isla dela dioten iritziak; euskaldunok horrelakoak garela dioten baieztapenak.

Akatsa. Topiko tipikoa erabiltzen du, estereotipoetan oinarritzen da. Parodiaren parodia da filma, bi orduko iraupena duen sketch komikoa. Betiko leloak erabiltzea formula erraza da, algarak eragiten dituena. Baina, era berean, hainbestetan kexu garen topikoen makinaria elikatzen du.

Euskaldunak eta espainiarrak batzen dituen tresna da askorentzat, euskaldun sentitzen ez direnentzat batez ere. COPEko langile den Ernesto Saenzek dio: «Lehen beldurra ematen zuen horrek, orain, barregura eragiten digu. Izan ere, Sevillako kolore bereziaren eta Euskal Herriko kolore ezberdinaren artean ez dago distantziarik».

Gustatu ala ez, sona handiko filma da, denon ahotan dabilena. Anjel Lertxundik Berria-ko Hitz beste blogean zioen bezala «filma satorra bezala bizi da gure imajinarioaren lurpean, eta ziklikoki berpiztu egiten da gure euskal sorotxoan tontortxoak eta deska- labrotxoak utziz han-hemen».

Arrazoi, hedabideetan ere izan baitu oihartzuna. El Mundo egunkarian, esaterako, 8 apellidos vascos y un alcalde menos titulupean Leitzako alkatearen dimisioa filmaren grabaketarekin lotu dutela diote.

Txalo zaparradak jaso ditu filmak. Laudorioak. Bazkalosteko hizketaldi eta lagunarteko solasaldietako gaia ere izan da. Gutxitan da hizketagai, ordea, zinema. Tamalez. Eta hori Tolosan gero eta zabalkunde handiago duela Leidor zinemako eskaintzari esker. Hori bai dela txalotzekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!