Izarak korapilatzen hasi gara. Hasi da. Ni biluzteko ahalegin traketsa egin du. Eta nik, orduan, argia itzaltzekoa, beldurrak ere biluzteko beldurrez. Ilunpean, argiago sentitzen naiz; eta argitan, ilunago.
- Argia piztu, X. eskatu dit.
- Ez, hobe horrela. Nahiago dut.
- Baina horrela ezin gaitezke elkar ikusi...
Gaiari tiraka jarraitzeak beldurrak azaleratu eta ni hondoratuko nauela jakinda, adarretatik heldu beharrean erromantizismoaren faltsua saltzearen bide erraza hartu dut. Egoerak aurrez piztutako gogoa itzaltzen hasita izan arren, hitzak jan ditzan, musu eman diot. Musu bat ezpainetan. Musu lepoaldean, leun.
Esku hotzak azalean nabari ditut. Gorantz doaz, titietaraino. Askatu dit bularretakoa eta esku banaz bular bana heldu. Heldu dizkit ipurmasailak ere, sendo. Eskuekin tinko eusten dit; eta ezpainekin, laztandu. Mihiarekin igurtzi dizkit belarri ondoak, titiburuak, zilbor aldea… eta frenesiz egin du alurako bidea. Erantzi dizkit puntilladun kuleroak. Hasi da jolasten; eta ni, berotzen.
Jolasten zebilkien eskua nire eskura eraman du. Eta hasi da (gara) berarekin jolasten. Gora eta behera. Azkar. Gero eta azkarrago. Bera arnasestuka; eta ni, beratzen. Epeltzen.
Badoala, baina joan aurretik nire barrura joan nahi duela dio. Indarrez hasi da. Plazerari eutsi ezinik dago. Lehertzear. Garrasi egin du. Oihu.
Bera izan da lehena ukitzen. Azken hitza ere berak izan du, baina azken ukitua neuk. Ohean etzan da. Mutu dago, hasperenka; eta ni, hotz-epeltzen. Ni hotz. Hotz. Hotz. Hotz. Hotz. Hotz. Ni izotz.