Debekaturik daude zifra bakoitiak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2016ko urtarrilaren 10a

Bikotekidearekin bakarrik sentitzen den arren, bakarrik egotearen beldur da.

Bakoitiak gizartearen imajinarioan gaizki ikusiak daude. Gizartearen arauak: bat, bakardadea; hiru, zoriontasun-konpleto eza. Bakarrik bada, kontu korrontea kolonizatzen dizun hipotekaren-esklabotza nola sinatu?

Purutasunaren zuriaz jantzitako neurririk gabeko ezkontzetara nola joan bakarrik? Hurrena nor izan behar duen erdi derrigortzen duten panpinen banaketan, begiak umeltzen dizkizun dosi-emozionalean, nola egon out?

Eta lagun artearen ohiko elkargunea taberna izatetik parkea izatera igarotzean, haur-kotxeak lagunak adina izatean, nola ez eduki ondorengoak norekin sortu? Nola izan, bada, ama-bakar?

Eta sortzeko asmorik gabeko sartu-irtenak nola izan bakarrik? Plazerezko bakarrizketak gaizki ikusiak dauden gizarte postmodernoan, ezin norbere sexu-organoak norberak ukitu. Eta ohean hirukotea —edo bost buru, edo zazpi— ere txartzat hartzen dugu.

Exotikotasunaren ranking diruditen oporraldietara nola joan, selfie-k erabateko zoriontasuna islatzen ez badute? Nola josi zoriontasun antzeztuz —eta efektuz—instagrama, bakarrik? Nola aldatu mugikorrek dakarkiten windows ordenagailuetakoak diruditen pantailako irudiak, maitatua zarela eta maite duzula agertzeko bikotekiderik ez baduzu? Bakarrik bazaude? Ba ka rrik.

Eta zein eramango dut derrigorrezko-orduetara, debekaturik daude-eta zifra bakoitiak, soilik umeak barnean hartzen dituzten multzoen kasuan dira hiruak zilegi baina hor ere gero eta gutxiago... Danele Sarriugartek Erraiak liburuan deskribatu bezala, bikote hausturen albo-kalteen zerrenda luzea da. Debekaturik daude-eta zifra bakoitiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!