Guarra, zorra, puta

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2015eko martxoaren 15a

Ojala Francok burua altxa eta sukaldera bidaliko bazintu. Utzizazu banderina, eskuekin hartu dezakezun makil bakarra fregonarena eta zakilarena baita. Oihu matxista bezain homofoboak.

Joan garbitzera, hau ez da zure tokia eta. Emakumeari eraikitako irudi estereotipatua aldarri bihurtu zen San Martin del Tesorillo futbol zelaian, marrazainak zakilik ez zuelako. Guarra, zorra, puta. Boterea, gizonezkoena; menpeko, emakumea.

Autoritarismoa biziki bizia da oraindik egitura politikoaren jokabidean. Sistema patriarkalak mutur banatan jartzen ditu maskulinitatea eta feminitatea. Estatuak du ahalmena, estatuak egiten du zatiketa: esparru publikoan, gizona; pribatuan, emakumea.

Sexuak determinatzen du gizartea, estatuak hala irakatsita. Titiak dituenak femenina behar du izan; emakumearen -tasun estereotipatu guztiak bete behar ditu. Emakumeen zereginak jaiotzatik diktaminatzen dira: umeak ekarri, gizonari plazera eman eta musu trukeko zaintza egin.

Diskurtso familiarista hegemonikoki lotzen dugu amatxorekin, amoñarekin. Hori bai. Baina logika kapitaletik at, lehen lerroaren itzalean, dago emakumea. Aberatsa, gudaria, publikoa, gizonak besterik ezin du izan.

Ruben Castro ale, Ruben Castro ale, ez zen zure errua izan, puta bat zen, ondo egin zenuen. Betiseko zaleen elkartasun-garrasiak Ruben Castro futbolariaren indarkeria erasoaren aurrean. Babesa moralgabe den horri. Esparru pribatutik kanpo, familiaren logikatik aparte, emakumea baliogabetzen jarraitzen da. Estatu patriarkal matxistarekin hautsi beharrean gaude, gainontzean, emakumeak guarra, zorra, puta, izaten jarraituko du.

 

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!