Unai Zubeldia txirrindulari profesionala izango da, Euskaltel-Euskadirekin

Ataria 2023ko eka. 21a, 10:55

Unai Zubeldia garaipena ospatzen, Santikutz Klasikoan.

Laboral Kutxa taldean bi denboraldi egin ondoren, elitera jauzi egingo du euskal taldearen eskutik; 2024ean eta 2025ean jantziko du maillot laranja.

Unai Zubeldia ibartarrak txirrindulari profesionala izateko ametsa beteko du. Iker Mintegi taldekidearekin batuko da Euskaltel-Euskadira. Horrenbestez, Unai Iribar herrikideak egindako bide berdina egingo du.

Afizionatu mailan lehiatu aurretik, junior mailara arte, Oriako Txirrindulari Eskolan trebatu zen. Joan den urtean, afizionatu mailako lehen urteko txirrindularia izan arren, gazte onenaren elastiko zuria jantzi zuen 23 urtez azpiko Italiako Giroan. Aurten, garaipen handia lortu du Zubeldiak Legazpiko Santikutz klasikoan; Espainiako Koparako proba puntuagarria izan zen. Horrez gain, besoak altxatu ditu Lizarrako eta Berriatuko lasterketetan, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da. Bestetik, bigarren izan da Beasainen eta Zornotzan, eta hirugarren Euskaldun Txapelketan. Asteburu honetan, euskal selekzioarekin Espainiako Txapelketan lehiatuko da Madrilen. Gaur egun, Business Data Analyticseko unibertsitateko graduko ikasketak uztartzen ditu txirrindularitzarekin.

Ibartarrak esan duenez, bere ametsa egia bihurtu da. «Txikitatik Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek argitu naute ziklista moduan. Izan ere, bide bazterretan edo telebistan animatu ditut askotan, eta, beraz, laranjaz janzteko aukera izateak esan nahi du gurpil horrek biratzen jarraituko duela nolabait, eta hemendik aurrera nik ere inspiratu ahal izango ditut Euskal Herri osoko neska-mutilak».

Hala ere, Zubeldiak uste du proiektu hau talde profesionaletik haratago doala, eta, ildo horretan, Laboral Kutxan egindako bi urteak aipatu nahi izan ditu. «Hain zuzen, lankide eta laguntzaile ikaragarriak ezagutu eta haiengandik txirrindulari eta pertsona gisa hainbat balio ikasi ditut. Nik pertsonalki txirrindulari oso bezala ikusten dut neure burua, indarrarekin helmugetan eta ordekan. Ez dut helbururik jarri nahi datozen bi denboraldietarako profesional mailan. Pausoz pauso joan nahi dut, mailara egokitu, taldekideei lagundu, haiengandik ikasten dudan aldi berean, eta ea garaipenen bat lehiatzen dudan. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet amets hau betetzen lagundu didaten guztiei, lagunei, familiari eta bereziki Tolosako Oriako Txirrindularitza Eskolari».

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna da. Adierazi duenez, «gaztetatik dohainak erakusten zituen txirrindularia» da Zubeldia, «pauso garrantzitsuak» eman dituena, eta «irabazteko gaitasuna» duena. «Agian ez da izango euskal txirrindulari igotzaile baten profila; indartsua da, aldea marka dezake ordekan eta baita iritsieretan ere. Etorkizun hurbilerako txirrindulari garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. Taldekide ona, oso apala eta langilea da. Gainera, ikasten ari da, unibertsitateko ikasketak aurrera ateratzen, eta meritu handia du horrek. Espero dugu horrela jarraitzea», gaineratu du.

Mikel Gaztañaga Laboral Kutxako kirol zuzendariak ere Zubeldiaren ezaugarriak nabarmendu ditu. «Junior mailan nabarmendu zen eta horregatik saiatu ginen fitxatzen. Fisikoki ezberdina zen euskal tropelean, ondo moldatzen zen igoeratan eta ordekan min egiten zuen. Iaz, 23 urtez azpiko lehen urtean dohainak erakutsi zituen eta aurten beste pauso bat eman du, lasterketak irabazi ditu eta gehienetan faborito izan da. Indarra du, igotzen moldatzen da, ausarta da, dena ematen du, eta iraingarria da. Era berean, taldekide izugarria da, apala, oso ikasle ona. Espero dezagun proiekzio horrekin jarraitzea eta etorkizunean poz batzuk ematea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!