Unai Zubeldia garaile, XLII. San Gregorio Saria lasterketan

Ataria 2023ko martxoaren 13a

Unai Zubeldia eta Iker Mintegi Laboral Kutxako txirrrindulariak, larunbatean, Berriatuako helmugan.

Txirrindulari ibartarrak Euskaldun Txapelketako proba irabazi zuen, larunbatean, Berriatuan (Bizkaia). Afizionatu mailan lortu duen lehen garaipena da.

Laboral Kutxa Team taldeko Unai Zubeldia txirrindulari ibartarra Iker Mintegi taldekidearekin batera heldu zen azken metroetara, eta eskutik helduta igaro zuten helmuga. 3.12.07ko denbora egin zuten biek, baina Zubeldia aurretik sartu zen. Finisher taldeko Pablo Carrascosa izan zen hirugarren, 3.13.19ko denbora eginda. «Irabaztea beti da polita, eta Ikerrekin eskutik emanda izana oso berezia da», esan zuen Zubeldiak lasterketa amaitu berritan.

Lasterketa hasi eta berehala, sei txirrindularik osatu zuten ihesaldia: Diego Uriarte eta Pablo Carrascosa (Finisher taldekoak), Nicolas Alustiza, Unai Zubeldia eta Iker Mintegi (Laboral Kutxa Team taldekoak) eta Samuel Fernandez (Caja Rural). Tropelak lan ona egin bazuen ere, ez zuen lortu aurrekoek lortutako aldea murriztea. Mendexako igoeran, lasterketako zatirik gogorrenean, tropeleko txirrindulariak garaipeneko lehiatik kanpo geratu ziren, eta sei txirrindulari horien artean erabakiko zen irabazlea.

Ihesaldiko txirrindularien artean, seitik bik amore eman zuten, eta ezin izan zuten beste laurek ezarritako erritmoa jarraitzea. Carrascosa, Uriarte, Mintegu eta Zubeldia izan ziren lau txirrindulariak. Merelludiko azken igoeran, Laboral Kutxa Team taldeko bi txirrindulariak izan ziren indartsuenak, eta bertan lortu zuten beste bi lehiakideak atzean uztea. Eroriko asko izan ziren lasterketan, batez ere, Ondarroa eta Lekeitioko errepidean. «Gu, zorionez, aurrean kokatuta joan gara hasieran, eta mugimenduekin asmatu dugu, ihesaldian sartu gara eta errematean asmatu dugu».

Une honetan, Finisher taldeko Dylan Westley da lider Euskaldun Txapelketako sailkapen nagusian. Larunbat honetan izango da txapelketako hurrengo lasterketa, Laukizen (Bizkaia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!