Unai Zubeldiak Lizarrako proba irabazi du

Ataria 2023ko mar. 20a, 19:59

Unai Zubeldia, Lizarrako probako helmuga zeharkatzen. PHOTO ZIKLIX

Laboral Kutxako txirrindulari ibartarrak bigarren garaipena lortu du afizionatuetan.

Cirilo Zunzarren Oroimenezkoaren proba irabazi zuen atzo, Lizarran (Nafarroa) hasi eta bukatutakoa, eta Euskaldun Txapelketarentzat baliagarria. Ihesaldia egin ondoren, tropeletik atera eta aurreko tropeltxoan sartzea lortu zuen Zubeldiak. Bukaeran, Ibai Azanzarekin batera metro batzuk aurreratu eta horri esprintean irabazi zion ibartarrak.

Probaren bukaeran pozik hitz egin zuen Zubeldiak: «Helburua ihesaldia hartzea zen, eta hamabi lagunetako talde bat atera da, tartean Iñaki Murua taldekidea. Tropeletik ni eta beste txirrindulari bat atera gara, eta bost minutuko jazarpena egin ondoren, lortu dugu ihesaldiko taldera iristea. Taldea lasterketa kontrolatzen joan da. Nik bala bat ez beste guztiak gastatuta nituen, baina aukera izan dut aldapa behera Ibai Azanzarekin metro batzuk aurreratzeko. Bere atzetik jarri naiz esprintean, eta aurreratzeko aukera izan dut proba irabazteko».

Ayala Serrano, bigarren Beasainen
III. Igartza Sari Nagusia izan zen jokoan Beasainen, atzo, eta Zu-K Limousin taldeko Ayala Serrano larrauldarrak bigarren postua lortu zuen junior mailan. Lasterketa oso ona egin zuen Serranok, lehen bi mendateak ihes eginda eta bakarrik igaroz, eta bide batez mendiko saria irabaziz. Azkenean hiru txirrindulari iritsi ziren, eta esprintean bigarren egin zuen Maria Filgueirasen atzetik. Espainiako Kopako proba zen Beasaingoa, eta orain lider da Serrano sailkapenean.

Ayala Serrano, Espainiako Kopako liderraren maillotarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!