Oso pozik zegoen Unai Zubeldia txirrindulari ibartarra atzo Legazpiko Santikutz Klasikoa irabazi eta gero. Espainiako Koparen barruan sartzen da proba, eta Zubeldiak ihes eginda irabazi zuen. Laboral Kutxa taldekoek ondo kudeatu zuten lasterketa, eta amaiera aldera aukera ugarirekin iritsi ziren.
Lasterketaren hasierako partearen ondoren, ihesaldi indartsua sortu zen, eta Laboral Kutxak bi txirrindulari zituen bertan. «Atzean lasai joan gara, indarrak gordetzen, eta ihesaldira iritsi garenean mugitu egin gara», esan du Zubeldiak. «Lortu dugu lasterketa amaieran hamabosteko talde batean bost taldekide izatea, eta horrek lagundu digu gero garaipena lortzen».
Bukaera aldera Iker Mintegi Laboral Kutxako txirrindulariak erasoa jo zuen, eta Silva (Caja Rural Alea) atera zen atzetik. «Ni beraien atzetik atera naiz, eta beraiek geratu direnean, probatzea pentsatu dut», azaldu du Zubeldiak. «Beraiek bere artean begiratzen geratu dira eta tartea ireki dut, eta helmugaraino dena ematera joan naiz». Azken zuzenbidera arte sufritzen joan zen ibartarra: «Nahiko justu nengoen, eta behin ikusi dudanean tartea nuela, sekulako poza hartu dut. Jendetza zegoen helmugan eta zeruan sentitu naiz». Taldetxo bat iritsi zen 23 segundotara eta esprinta egin ondoren, bigarren geratu zen Silva eta hirugarren Alex Diaz (Baque).