Unai Zubeldia, Euskadiko txapelduna 23 urte azpikoetan

Ataria 2023ko maiatzaren 30a

Txirrindulari ibartarrak Beasaingo proban bigarren postuan amaitu zuen.

Sariak lortzen jarraitzen du Laboral Kutxako Unai Zubeldia txirrindulari ibartarrak. Larunbatean jokoan izan zen Beasaingo Loinatz Proba, Euskaldun Txapelketarako baliagarria, eta bertan ere erabaki zen Euskadiko Txapelketa 23 urte azpikoan zein elite mailan. Zubeldiak bigarren egin zuen helmugan, eta Euskadiko txapelduna bihurtu zen 23 urtez azpiko mailan.

Loinatz Probaren irabazlea Caja Ruraleko Samuel Fernandez izan zen. Ihes eginda iritsi zen, baina oso tarte txikia mantenduz atzetik zuen tropeltxoarekin. Azkenean ezin izan zuten harrapatu eta bi segundoko abantailarekin iritsi zen helmugara. Tropeltxoaren esprintean Unai Zubeldiak indar erakustaldia eman eta bigarren amaitu zuen. Hirugarren Ander Ganzabal bere taldekidea helmugaratu zen, eta elite mailako Euskadiko txapelduna bihurtu zen. Zubeldia hirugarren doa Euskaldun Txapelketaren sailkapenean, 83 punturekin.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!