«Azken urteetan presioarengatik ez dut disfrutatu, eta aurten helburu nagusia hori izango da»
IÑAKI MURUA
LABORAL KUTXA
2019tik dago Laboral Kutxan Iñaki Murua (Altzo, 2000), eta aurten bosgarren denboraldia egingo du taldean. Helburu nagusia «disfrutatzea» da, azken urteetan hori falta izan zaiolako: «Presioarengatik eta beste arrazoiengatik ez dut disfrutatu. Denboraldi amaieran agian bai, baina, oro har, kosta egin zait».
Muruak pixkana bere maila hobetzen joan nahi du, eta horren inguruan, Euskaltel Euskadira salto egiteko unea gero eta gertuago ikusten duen galdetuta, esan du Laboral Kutxan daudenek «errazago» ikusten dutela, gertu daudelako, baina aitortu du «zaila» dela.
Altzotarrak nabarmendu du Laboral Kutxa «harrobiko» talde bat dela, eta horregatik, «Espainia mailan talde erreferentea» izan behar dutela. Aldi berean, Muruak adierazi du lasterketa guztietako helburua izan behar duela «itxura ona» ematea, eta «irabazteko borrokan ibiltzea».
Txirrindulariaren bosgarren sasoia izanagatik, multzoko gazteenei laguntzea egokituko zaio. Aldi berean, lasterketetan taldekideei laguntzeko rola izango du, eta lasterketaren bat irabazteko lehian badago, «hobeto».
Egutegiari begira, Iparraldean eta Kantabrian korrituko dituzte lehen lasterketak, eta hilabete amaieran, hemengo egutegiarekin hasiko dira.
Muruak Aiztondo Klasika (Asteasu) du «begiz jota»: «Espainiako Kopako lasterketa izaten da; izen handikoa eta etxetik gertu. Iaz zulatu baten ondorioz lasterketa ez zitzaidan nahi bezala joan, eta aurten arantza hori kendu nahi dut».
«Aukera ona izan da Laboral Kutxara itzultzea, Caja Ruralen zailagoa delako irabaztea»
IÑAKI DIAZ
LABORAL KUTXA
Caja Ruralen zaildu, eskarmentua hartu, eta Laboral Kutxara itzuli da berriro ere Iñaki Diaz (Tolosa, 2001). Profesionaletako lehen urtea Laboral Kutxan egin zuen, handik Nafarroako taldera joan zen bi urtez, eta orain, bueltan da: «Aukera ona izan da berriro ere Laboral Kutxara itzultzea. Izan ere, Caja Ruralen askoz ere zailagoa da lasterketak irabaztea, taldean txirrindulari hobeak daudelako».
Tolosarrak Nafarroako taldean «dezente» ikasi du, lasterketa garrantzitsuagoetan korritu duelako, eta orain, bildu duen esperientzia baliatuko du, Laboral Kutxan «beste aurrerapauso bat» emateko.
Hain justu, Diazek urrats hori eman nahi du, denboraldi osoan zehar «erregularragoa» izaten: «Azken urteetan zenbaitetan podiumean egon naiz, baina sasoi honetan gustatuko litzaidake lasterketa gehienetan aurrean egotea, eta podiumera gehiagotan igo ahal izatea». Horrez gain, tolosarrak adierazi du bere helburuak betetzen baditu, Euskaltel Euskadira salto egiteko «aukera handiak» izango lituzkeela.
Laboral Kutxaren helburuez ere mintzatu da tolosarra, eta Muruak esandakoaren bide beretik, «Espainia mailan talde erreferentea» izan nahi dute, baita Europan ere.
Egutegiari begira, Euskal Herrian korrituko diren Espainiako Kopako hiru lasterketetan ariko da: Aiztondo Klasikoan, Balentziagakoan, eta Santikutz Klasikoan (Legazpi).
Bereziki, lehenak egiten dio ‹‹ilusio handiena››, etxeko lasterketa izateaz gain, estatu mailan garrantzitsuena delako.
«Taldearen helburua izan beharko luke Euskal Herrian lasterketak irabaztea»
UNAI ZUBELDIA
LABORAL KUTXA
«lusioz beteta» eta «hasteko irrika askorekin» dago Unai Zubeldia (Ibarra, 2003). Izan ere, pasa den denboraldian 23 urtez azpiko Italiako Giroa korritzeko aukera izan zuen, eta berriro ere, han egoteak «ilusio handia» egingo lioke, itzuli horretan iazko emaitzak «hobetzen» saiatzeko.
Bigarren sasoia du Laboral Kutxan, eta bere muga non dagoen jakin nahi du: «Joan den denboraldian eman nuen maila hobetu nahi dut, eta ikusi nahi dut noraino irits naitekeen gauzak ondo eginda».
Murua Laboral Kutxako taldekidearen antzera, ibartarrak nabarmendu du taldearen helburu nagusia dela txirrindulariak «haztea», harrobiko taldea izanagatik. Hala ere, koska bat gorago jo nahi izan du Zubeldiak, eta nabarmendu «aukera badago», helburua izan beharko lukeela Euskal Herrian lasterketak «irabaztea», eta nazioartean maila «txukuna» ematea.
Multzoaren barruan izango duen rolaz galdetuta, ibartarrak aitortu du lasterketa batzuetan «askatasun pixka bat gehiago» izatea gustatuko litzaiokeela. Horrez gain, azpimarratu du Laboral Kutxako gainerako taldekideei ere «laguntzea» gustatuko litzaiokeela.
Essor Basque Iparraldeko bost etapetako lehen lasterketan emango dio hasiera sasoiari,
Lapurdin, hain zuzen ere. Lehenengo asteburuan Euskadiko selekzioarekin lehiatuko da, eta hurrengoan Laboral Kutxarekin.
Gero, hilaren 18an, Colindresen (Kantabria) korrituko du, eta handik, Euskal Herrira bueltatuko da Zumaiako lasterketa korritzera, hilaren 25ean.
«Euskaldun txapelketako azkena Tolosan izatea polita izango da, etxean amaitzea delako»
ENEKO ARROSPIDE
CAFES BAQUE
Orain dela bi denboraldi hasi zen lehiatzen amateur mailan Eneko Arrospide (Leaburu, 2003). Iaz Eibar txirrindulari taldearekin korritu zuen, eta aurten «aurrerapauso bat» eman nahian, Cafes Baque taldeak fitxatu du: «Aukera ona iruditu zitzaidan; bai egutegiarengatik, zabalagoa zelako, baita baliabideengatik ere».
Denboraldi honetan eman nahi duen urratsaren inguruan, leaburuarrak nabarmendu du sasoi guztian zehar «erregulartasuna mantendu» nahi duela, pasa den sasoian baino «emaitza hobeagoak» lortuta.
Aldi berean, taldean egokituko zaion rolaz galdetuta, Arrospidek adierazi du batzuetan egokituko zaiola taldekideei laguntzea, eta beste batzuetan, bere aukerak baliatu ahal izango dituela lasterketak irabazteko.
Laboral Kutxako eskualdeko gainerako txirrindularien modura, Arrospidek korritu du sasoiko lehena: Essor Basquen lehiatu da. «Iparraldean korritzeko modua desberdina da, batez ere zelaian azkar doazelako. Ondo etorri zitzaidan erritmoa hartzeko», adierazi du leaburuarrak.
Oro har, Euskal Herriko lasterketak korrituko ditu Arrospidek, besteak beste, hemendik bi astera Zumaian lehiatuko da, eta geroago, Euskaldun txapelketan arituko da.
Hain justu, txapelketa horretako azken lasterketa Tolosan izango da, Jose Mari Anzaren Oroimenezkoa, eta leaburuarrak aitortu du etxean bukatzea «polita» izango dela. Horrez gain, Bidasoako eta Nafarroako Itzuliak ere korritzea gustatuko litzaioke.