Haurrei protagonismoa eman nahi zieten gaurkoan, eta lortu dute. Beraiek izan dira protagonista, eta beraiek egin dute jolas. Hasierako ekitaldian Ibarrako sokatira taldeko emakumeek Kilometroetako logoaren irudia igo dute ikastolako eraikinean zintzilik jarriz.
Hortik aurrera hasi da festa. Haurrak adinaren arabera banatuta ibili dira jolasetan parte hartzen. Tripa bete eta berotzeko aukera izan dute bai haurrek eta baita guraso, irakasle eta boluntarioek ere.
Jokoen bidez hitz ezkutua bistaratu dute plazan, eta Irribarra leloa izan da hitza. Euskal Herriko Bilgune Feministak jarri ditu amaierako notak, festari kolore morea emanaz. Bukatu, herriko plazan argazki jendetsua aterata egin dute.
Ataria Irratian parte hartu dutenen hitzak:
- Aitor Bengoa Kilometroetako komunikazio arduraduna: "Munduko mapan euskararen aldeko irribarreak kokatu nahi ditugu"
- Euskal Herriko Batukada Feministako Goretti Soroa: "Garrantzitsua da belaunaldi berriei ere feminismoaren bultzadatxoa ematea"
- Mikel Egibar Gipuzkoako Kilometroetako koordinatzailea: "Auzolana eta parte hartzea sustatu nahi ditugu, eta gizartea horien kontra doa"
- Saioa Mendia irakaslea Hezkidetza-inklusioa eta jasangarritasuna batzordeko kidea: "Batzorde guztietan betaurreko moreak jantzita izatea da gure egitekoetako bat"
- Ixi Urkola Kilometroetako Kultur aniztasuna batzordeko kidea: "Kultur ezberdinetako jendea erakartzen ahalegindu gara"
- Usue Sukia ikastolako zuzendaria eta Josu Ozaita Kilometroetako koordinatzailea: "Herrira eta kalera ateratzea jada garrantzitsua da"
- Xabat Ibarguren Ikuskizun batzordeko kidea: "Umeek disfrutatzen badute horrekin pozik geratuko gara"