Kilometroetako egitasmoen barruan, martxoaren 5ean izango dute datorren hitzordua: Kilometroak Txikia. Girotzen joateko, ilusioa piztu eta indartura jarraitzeko antolatu du goiz osoko egitaraua Uzturpe Ikastolak. Xabat Ibarguren antolatzaileak esan duenez, "herri eragile eta batez ere ikasleentzako festa" izango da, eta protagonistak ikastolako ikasle eta haurrak izango ditu.
Ikastolako sarreran egingo duten ekitaldiak emango dio hasiera Kilometro Txikiari. 10:30ean elkartuko dira ekitaldirako, eta ondoren, adinaren arabera bi taldetan banatuko direla azaldu du Maider Lopetegi antolatzaileak. "10 urte arteko haurrak eta beraien familiak Emetrio Arrese parkera joango gara eta bertan ekintza ezberdinak egingo ditugu: jolasak, aurpegiak margotzea, txokolate jatea...". Eta 10 urtetik gorako ikasleek orientazio eta erronken joko batean hartuko dute parte.
Goiza borobiltzeko denak elkarrekin bilduko dira herriko plazan, 13:00ak aldera. "Komunitateko argazki erraldoi bat aterako dugu eta musika, pintxoak eta aldarte ona ez da faltako", esan du Lopetegik. "Herritarrak eta bereziki ikastolako komunitatea animatu nahi dugu festa honetan parte hartzera, ea Kilometroetako ilusio horrekin jarraitzen dugun guztiok elkarrekin".
Goizeko egitaraua aire zabalean egiteko moduan prestatu dute, eta neurriak arintzearekin batera lasaitua hartu dutela aitortu du Ibargurenek: "Hasiera batean, Kilometroak Txikia urtarrila amaieran egitea aurreikusi genuen, baina momentuko osasun egoera ez zen egokiena jende pilaketen arriskua hartzeko eta atzeratzea erabaki genuen". Oraingo egoerak hori ahalbidetzen duenez, festa egiteko momentu egokia ikusi dute martxoaren 5a.
Aurreratu dutenez, datozen hilabeteetarako ere ekitaldiak prestatzen ari dira, aurrerago argituko dituztenak. "Kilometroak festa emankorra izango da, seguru", esan du Ibargurenek.