Abokatuen aurkako operazioa

Jon Mintegiaga espetxeratu dute

Ataria 2015eko urtarrilaren 14a

Argazkia: @shul_evolution

Eloy Velasco epaileak espetxera bidali ditu Jon Mintegiaga, Fran Balda eta Javier Carballido. 2013an Velascok berak ezarritako baldintzak ez betetzea egozten die. Soto del Real espetxera eramango dituzte.

Abokatuek senideei jakinarazi dietenez, Eloy Velasco epaileak ez dio kargu berririk leporatu Mintegiagari, hau da, ez du lotu egun hauetan aipatu diren delitu fiskalekin.

Hain zuzen, 2013an epailearen aurrean deklaratu ostean ezarri zizkioten baldintzak ez betetzea leporatu diote. Velascoren esanetan, "presoen aldeko mugimenduan parte hartzen jarraitu" du eta hori debekatua zuten ordutik. (2013ko epaiketaren aurretik Mindegiagari egindako elkarrizketa)

Deklarazioa amaitu ondoren, senideei bost minutuz kalabozoan sartzen utzi diete espetxeratuak izan aurretik azken agurra emateko.

Eskualde mailako manifestazioa
"Aski da, konponbide garaia da" lelopean 250 lagun inguru bildu dira Ibarran, eta espetxeratzearen albistea agerraldia hastera zihoala zabaldu da. "Atxilotuak askatu", "Minde herria zurekin" edo "Euskal presoak etxera" bezalako oihuekin erantzun diote berriari.

Bihar, prentsa agerraldia
Larunbaterako Donostian hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek deitu duten manifestaziorako deia egiteko prentsa agerraldi jendetsua izango da Ibarrako udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan.

Astelehenean atxilotu zuten Mintegiaga beste 15 lagunekin batera. Irudian Mintegiaga bere etxean erregistroa egin ondoren atera zuteneko unea:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!