Abokatuen aurkako operazioa

Guardia Zibilak Jon Mintegiaga atxilotu du

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 12a, 08:22

Abokatuen aurkako operazioa egin du Guardia Zibilak gaur goizaldean eta Jon Mintegiaga 'Minde' ibartarra ere atxilotu dute. 20:30ak aldera etxera eraman dute berriro erregistroa egiteko. Bi ordu iraun du, eta dagoeneko Madrilera bidean daramate, bihartik aurrera epailearen aurretik pasa dadin. Bere abokatu Ainhoa Baglietto atxilotu dutenez Iñigo Iruin da orain bere abokatua.

Mintegiagaren senideek adierazitakoaren arabera 07:00ak inguruan Guardia Zibilak bere bikotearen etxera joan dira ate joka, baina goian bizi dela adierazi diote eta orduan jo dute Mintegiagaren etxera. Atea jo eta "jarrera lasaiarekin" sartu direla adierazi dute senideek. Ordu erdi inguru etxean egin ondoren, bere bikotekidea eta semea agurtzeko aukera ere izan du, Donostiako Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera eraman aurretik. Familiari lehenengo momentutik adierazi diote atxiloketa komunikatua dela. 

Amaia Izko, Kepa Manzisidor, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Eukene Jauregi, Alfonso Zenon, Javier Carballido, Nagore San Martin, Fran Balda eta Ane Ituño dira gainerako atxilotuak, eta  horiek ere komunikatuta daude. Atxilotuen artean dozena bat abokatuak dira, eta Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga Madrilen atzeman dituzte. Han epaituko dituzte gaurtik aurrera ezker abertzaleko hainbat kide.

Guztiei ETAri babesa ematea eta delitu fiskalak egitea egozten diete.

Herriraren aurkako operazioa

Barne Ministerioaren oharrean aipatzen dute 2013ko irailean eta 2014ko urtarrilean Frente de cárceles deituriko estrukturaren aurka egindako operazioa osatu duela. Ordukoari Jake izena jarri zioten, atzokoari, berriz, Mate.

2013ko irailaren 30ean, hain zuzen ere, Herriraren aurkako operazioa gauzatu zuen Guardia Zibilak, eta hemezortzi lagun atxilotu zituzten. Jon Mintegiaga ibartarra Hernaniko egoitzan zegoen, eta bere aurrean atxilotu zituzten Herrirako kideak. Bera aske geratu zen, nahiz eta guardia zibilek jakinarazi zioten ikerketak aurrera egin ahala, Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharrean suertatu zitekeela. Urriaren 11n inputatuta zegoela jakinarazi zioten. Ibartarrarekin batera, Emilie Martin inputatu zuen Espainiako epaileak, Ipar Euskal Herriko Herrirako kide izatea egotzita. Aurreko hemezortzi atxilotu eta inputatuei bezala, azken bi hauei, «talde terroristako kide» izatea, finantzatzea eta «terrorismoa goratzea» egozten zieten. Azaroaren 5ean, Mintegiaga Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen, Herriraren epailearen aurrean deklaratzen. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak bermerik gabe utzi zuen aske ibartarra, orduan. Epaiketaren zain.

Haimar Altuna, Sortuko eskualdeko arduradunak, ATARIA irratian hitz egin du. Mintegiagaren etxe inguruan aurkitzen da eta bertatik adierazi du ezker abertzalea "konponbidearen aldeko indarrak biltzen" ari dela, baina espainiar estatuak "gatazka nahi duela". Egoera horretan, Euskal Herriak "herri bezala erantzun behar duela" adierazi du, "etorkizuna gure esku baitago". Euskal Herriaren apustua argi dagoela adierazi du, era beran: "konponbidea nahi du".

Kontzentrazioak

Gaur arratsaldeko 19:30ean kontzentrazioa deituta dago Ibarrako plazan, operazioa salatzeko, Atxilotuak askatu, konponbide garaia da lelopean.

Ibarrako Udalak ez-ohiko osoko bilkura urgentea egingo du bihar, 19:00etan. Bertan Jon Mintegiaga herritarraren eta beste hamabost euskaldunen atxiloketa salatzeko Bilduk aurkeztutako mozioa onartuko dute.

Horrez gain, Sortuk ere elkarretaratzeak deitu ditu hainbat herritan, biharko , Aski da! Errepresioari stop! leolopean. Anoetan, Amasa-Villabonan, Ibarran eta Tolosan egingo dira besteak beste elkarretaratzeak.
Elkarretaratzeak jada deituta zeuden bihar Auzitegi Goreneko Fiskalak Kepa Pikabea presoaren kasua aztertu behar duelako, Frantzian betetako urteak zenbatzea eta Espainian bete beharreko zigorrari kendu behar zaizkien ala ez erabaki beharko du Gorenak, eta litekeena da erabaki horrek behin betiko irizpidea ezartzea.

Hala ere, orain deialdiak indartu egin dituzte, eta atzoko hemezortzi atxiloketak salatzeko eta konponbidearen alde egiteko elkarretaratzeak ere izango dira bihar eskualdean egingo dituztenak.

BIHAR, URTARRILAK 13

AMASA-VILLABONA
19:30. Berdura plazan.

ANOETA
18:30. Herriko plazan.

IBARRA
19:30. Beheko bide plaza.

TOLOSA
19:30. Trianguloa plazan.

Erlazionatuak

Jon Mintegiaga espetxeratu dute

Tolosaldeko Ataria 2015 urt 14 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!