Jon Mintegiaga: «Herrira-ren aurka joan diren unea, kasualitatea ez dela uste dut»

Asier Imaz 2013ko aza. 4a, 21:02
Jon Mintegiaga ibartarra Espainiako Auzitegi Nazionalera joango da gaur, 10:00etan, epailearen aurrean deklaratzera inputatu gisa, Herrira-ren aurkako operazioaren barruan. Tolosaldeko Atariak zuzeneko kontakizuna egingo du.

Jon Mintegiaga ibartarra Espainiako Auzitegi Nazionalera joango da gaur, 10:00etan, epailearen aurrean deklaratzera inputatu gisa, Herrira-ren aurkako operazioaren barruan. Baldintza gabeko askatasuna, epaiketaren zain bermepean edo bermerik gabe aske, edo espetxeratzea. Horiek dira Jon Mintegiagaren (Ibarra, 1979) aukerak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Herrira-ren aurkako operazioan inputatutako beste kideekin zer gertatu den ikusita, arratsaldean Ibarran beharko luke Minde-k, epaiketaren zain.
Ibartarra, ordea, ez da bakarrik joango Madrilera, eskualdeko eragile desberdinetako hainbat ordezkarik berarekin egingo dute bidaia, elkartasuna azaltzearekin batera, epaiketa bera salatzeko.

Herrira-ren aurkako operazioa egin zutenean, Hernanin zeunden, atxilotuak izan zirenekin batera.
Herrira-ren bulegoan bilkura egiten ari ginen dozena bat lagun. Artean ez genekien zer gertatuko zen 197/2006 doktrinarekin, eta balizko ebazpen horren inguruko ebazpen mota desberdinak prestatzen ari ginen.  
Eta bat-batean, txirrina.
Atea ireki orduko Guardia Zibila arrapaladan sartu zen, metrailetak eskuetan eta argi gorriarekin apuntatzen. Segidan heldu ziren bilduta ginen bulegora, oihuka, guztiok paretaren aurka jartzeko esanaz.  
Zer etorri zitzaizun burura une hartan?
Bere garaian ere atxilotua izan nintzen, eta iraganeko mamu haiek etorri zitzaizkidan burura.
Hormaren aurka, eta Guardia Zibila atzean.
Herrira erakunde terroristatzat jotzen zutela esan ziguten, eta hamar lagun atxilotzeko agindua zutela. Banaka identifikatu gintuzten, eta bi libre gelditu ginen, tartean ni. Hori bai, gure jabetza guztiak arakatu zituzten, eta nire kasuan, telefono mugikorra eurek eraman zuten, iruditu zitzaizkien beste ‘froga’ batzuekin.
Zer esan zizuten ondoren?
Libre gelditzen nintzela, baina biharko egunean, frogak baldin bazeuden, inputatua izango nintzela.  
Eta abokatu bidez enteratu zinen.  
Gainontzeko kide guztiak aske geratu eta zortzi egunetara, abokatuak jakinarazi zidan.
Zein testuingurutan kokatzen duzu Herrira-ren aurkako operazioa?
Uste dut momentua bera ez dela izan kasualitatea.
Zergatik?
Preso eta iheslarien inguruan gauza asko argitzekoak direlako hilabete hauetan. Batetik, aipatu doktrinaren ebazpena oraindik emateko zegoen, eta bagenekien oso garrantzitsua izango zela bai Espainiako estatuarentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Bestetik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak esana zuen hausnarketa egiten ari zirela, eta gutxi gorabehera garai hauetan plazaratuko zuela horren berri.
Gatazkaren konponbidean nazioarteko eragileen gomendioak jarraituz, ezta?
Hori da. Gomendio batzuk egin zituzten, eta tartean euskal preso eta iheslariei zuzendu zitzaizkien. Kolektiboak aintzat hartuko zituela esan zuen, eta hausnarketa horren fruituen zain ginen hilabete hauetan. Eta azkenik, iheslari politikoen kolektiboa sartu behar da testuinguru horretan.
Ekainaren 15ean egin zuten agerraldia Miarritzen.
Ondorioak ekarri dituen ekitaldi politikoa izan zen, tartean, nire herrikidea den Jokin Aranalderen atxiloketa eta ondoren gertatu den guztia. Horrez gain, euskal iheslariak urrats gehiago ematekoak ziren ondorengo hilabete hauetan.
Eta hor iritsi da Herrira-ren aurkako operazioa.  
Nire ustez momentua eteten eta blokeatzen saiatu dira, eta gero, umiltasunez, baina onartu behar da Herrira bera ere helburu bilakatu dela egin duen lanagatik.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Herrira-k modu malgu baten jendarteko sektore zabaletara iristea lortu du; preso eta iheslarien eskubideen aldeko lan hori, sektore desberdinetan zabaldu denean, estatua nolabait presionaturik sentitu da.
Operazioak sortu duen ezustekoa ere sektore horietara iritsi dela esan daiteke, erreakzioak ikusiz gero.  
Herrira-k freskotasun berri bat ekarri dio herri honi; presoen eta iheslarien eskubideen alde lan egiteko modu jakin bat, eta erabat publikoa. Harremanak ugariak izan dira. Adibidez, alderdi politiko guztiekin bildu da, eta guztiekin da guztiekin, Alderdi Popularra eta PSE-EE barne. Operazioaren ondoren izan den erantzuna, nire ustez, gardentasun, zabaltze eta publikotasun horren isla izan da.  
Hain justu, kalean Herrira-rekiko elkartasun hori irudikatzen ari zen unean, zu Intxaurrondon zinen.
Espainiako Auzitegi Nazionalera joan aurretik polizia deklarazioa egin behar nuela esan zidaten, eta horretara joan nintzen abokatuarekin Intxaurrondora. Guardia Zibilak eskubideak irakurri zizkidan, tartean ez erantzutearena, eta nik horri eutsi nion. Ondorioz, tramitea segidan bukatu zen.
Tramite bat izan zela diozu, baina euskaldun bat Intxaurrondon...
Orain dela 11 urte atxilotu nindutenean Salvetik pasa nintzen. Ez dauzkat oso oroitzapen onak. Oraingo honetan Intxaurrondotik pasa beharra tokatu zait, baina pertsona libre bezala: abokatuarekin, komunikaturik eta atxiloaldirik gabe. Intxaurrondok badauka bere ibilbidea herri honetan, eta hain justu, deklaratzera joan behar izan nuen egun horietan Joxi eta Joxean tolosarren desagertzearen eta erailketaren 30. urteurrena zen, eta oroitzapen guzti horiek pasa zitzaizkidan burutik, noski.  
Gaur joango zara Madrilera, baina ez zoaz bakarrik.
Aurrez atxilotu zituzten 18 kideak batera pasa ziren epailearen aurretik, eta babes handia jaso zuten; jende ugari gerturatu zen Espainiako Auzitegi Nazionalera elkartasuna azaltzera. Nire kasuan, bakarrik joatea egokitu zait. Ate desberdinak jo ditugu babes horren bila, eta eragile desberdinen erantzuna oso ona izan da. Autobus bat aterako dugu, eta auzitegian nagoen bitartean, eurak kanpoan egongo dira, nolabait niri elkartasuna azaltzen. Baina horrekin batera, preso eta iheslarien alde Herrira-k egin duen lanak gizartean babesa duela erakutsiko dute.  
Epaileak zer erabaki lezake?
Besteen egoera berdintsuan gera naiteke. Espetxera joateak nahiko zaila dirudi, baina normalena inputaturik jarraitzea da. Kargurik gabe libre gelditzeko aukera ere hor dago, baina itxura guztien arabera, epaiketaren zain geldituko naiz beste kideen moduan. Kalean, libre, baina baldintza batzuekin.
Duela 11 urte bezala, berriro ere Espainiako Auzitegi Nazionala. Biribilgune bat dirudi honek.
Bai, berriro ere Auzitegi Nazionala, baina oraingoan garai hauetan. Hain justu, hori azpimarratu nahiko nuke. Azken 2-3 urte hauetan garaiak nahikoa aldatu dira. Eragile desberdinek urrats asko eman dituzte gatazka konpontze aldera, eta eskenatoki horretan, gertatu den guztiak ez zirudien gertatzerik zuenik.
Maila pertsonalean, berriro ere lehengokoa, baina pixka bat zahartxoago, eta bizitza ere beste modu batera antolatuta dudanean. Ni ere haur txiki batekin nago, eta maila pertsonalean, alde horretatik, eragina ere handiagoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!