Abokatuen aurkako operazioa

Elkartasun gehiago atzo atxilotutako 16 lagunentzat

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 13a, 20:11

Gaur iluntzean eskualdeko hainbat herritan atxilotuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte Sortuk deituta; gainera, Ibarrako Udalak ez-ohiko osoko bilkuran mozioa onartu du Mintegiaga eta gainerako atxilotuak "lehenbailehen" askatzeko eskatuz

Ostegunean aurreikusten dute Jon Mintegiaga ibartarra epailearen aurretik igarotzea. Mintegiaga astelehen goizaldean atxilotu zuten beste hamabost pertsonarekin batera. Horietatik hamabi abokatuak dira eta beste lauri, tartean Mintegiagari, duela urtebete Auzitegi Nazionalak jomugan jarri zuen Herrira plataformako kide izatea egotzi die. Zehazki, presoen eskubideen aldeko plataformaren diru kontuez arduratzea.

Astelehenean 07:00etan atxilotu eta ordu erdi beranduago Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera eraman ostean, 20:00ak inguruan eraman zuten berriro ere Ibarrara, bere etxearen erregistroa egiteko. 23:00ak inguruan amaitu zuten erregistroa, eta Madrilera eraman zuten zuzenean. Gaur atxilotuetako sei igarotzekoak dira epailearen aurretik. Azken berrien arabera, gaur deklaratu duten sei pertsona aske geratu dira karguekin.

Gainerako atxilotuek bihar eta etzi artean deklaratzea espero dute abokatuek. Mintegiagaren senide eta lagunak Madrilera joatekoak dira, gertatzen dena bertatik bertara jarraitzeko. Hala ere, abokatuek Mintegiaga epailearen aurretik ostegunean pasatzea espero dutela adierazi diete.

Udalaren deklarazioa

Gaur iluntzean Ibarran, udalak ez-ohiko osoko bilkura egin du atxiloketak salatu eta Mintegiagari eta bere senideei elkartasuna adierazteko. Mintegiagaren senideak ere bertan eta ondorengo elkarretaratzean izan dira eta zuzenean jaso dute herritarren elkartasun hori.

Ibarrako Udalak deklarazio instituzionala onartu du, bertan Mintegiaga «presoen eskubideen defentsan makina bat urtez lanean ibilia» dela aipatu dute, eta lehendik ere atxiloaldia ezagutzen duela; ondorioz, bere senideek ere «dispertsioa urte luzeetan sufritu» dutela gogorarazi dute. Atxiloketa «oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso larritzat» jo dute, eta baita «Euskal Herrian irekitako bake, demokrazia eta askatasunaren bide berriaren aurkako erasotzat» ere. Estatuaren «itxikeriak eta bortizkeriak» euskal jendartearen «bake eta normalizazio politikorako borondate argia zapuztu» nahi duela gaineratu dute.
Gainera, abokatuek giza eta defentsa eskubideak babesteko «funtzio berezia eta ezinbestekoa» dutela eta «presoei dagozkien giza eskubideen urraketen lekuko zuzenak» direla adierazi dute. Hortaz, atxiloketa hauekin «denfentsarako eskubidea urratu» dutela uste dute. Horrez gain, estatu espainiarrak «oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua» egin dute, euren esanetan.

Azkenik, atxilotuei eta euren senideei elkartasuna adierazteaz gain «lehenbailehen aska ditzatela» eskatu dute.

Mobilizazioak

Herritarrek ere euren haserrea adierazi dute egin diren mobilizazio desberdinetan. Gaur Ibarran, Tolosan, Alegian, Amasa-Villabonan eta Anoetan egin dituzte elkarretaratzeak Aski da! Errepresioari stop! lelopean, Sortuk deituta. Bertan herritar ugari bildu dira atxilotuei elkartasuna adierazteko.

Baina, datozen egunetan ere mobilizazioek ez dute etenik izango. Bihar bertan eskualdeko manifestazioa deitu du Sortuk, 19:30ean, Ibarrako plazatik abiatuko da, Aski da! Konponbide garaia da. Errepresioari stop lelopean.

Erlazionatuak

Jon Mintegiaga espetxeratu dute

Tolosaldeko Ataria 2015 urt 14 Ibarra

Guardia Zibilak Jon Mintegiaga atxilotu du

Tolosaldeko Ataria 2015 urt 12 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!