Abokatuen aurkako operazioa

Dozenaka lagunek gaitzetsi dituzte atxiloketak Ibarran

M. Ugartemendia 2015eko urtarrilaren 12a

Ibarrako plazan jende ugari bildu da, "Minde ta bestek Askatu, Konponbide garaia da" lelopean, goizean zehar Guardia Zibilak burutu dituen 16 pertsonen atxiloketak salatzeko.

Bertan, "Espainiar estatuak Euskal Herriaren kontra baliatzen duen mendekua" dela salatu dute: "operazio hau espainiar estatuaren espetxe politikaren kontrako  manifestazio jendetsua egin eta bi egunetara gertatu da. Hori ere ez da kasualitatea, erantzuna baizik. Berriro ere mendekua. Operazio hau ere espainiar estatuaren espetxe politika kriminalaren parte da, presoei sostengu guztia kentzeko" esan dute.

Hori dela eta, "herri honek Guardia Zibilari “xake-matea” emateko unea" iritsi dela azpimarratu dute: "Dagozkigun eskubide guztiak aldarrikatzen jarraituko dugu, baina gure burua engainatu gabe. Gure Herriarentzat bake, demokrazia eta askatasun eszenatoki posible bakarra espainiar Estatutik kanpo dago".

Amaitzeko, "mendeku" horren aurka, "gure bidean -bake eta demokraziarako Euskal Bidean-  indarrak biltzeko deia" egin dute.

Une honetan ibartarraren etxean Guardia Zibilak jarraitzen du zaintza lanak egiten. Dirudienez etxera eramango dute erregistroa egin dezaten. Gertatutakoaren berri, hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!