Jon Mintegiaga aske utzi du epaileak, bermerik gabe, baina inputatuta eta epaiketaren zain

Tolosaldeko Ataria 2013ko aza. 5a, 13:24
Jon Mintegiaga, Madrilera joan diren herrikide eta lagunekin.
Ibartarra Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen atzo, Herrira-ren aurkako auziaren barruan epailearen aurrean deklaratzen.

Epaiketaren zain gelditu da Jon Mintegiaga 'Minde'. Ibartarra, Espainiako Auzitegi Nazionalean izan zen atzo, Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzen. Herrira-ren aurkako operazioarekin lotu zuen Velascok 'Minde', eta honek, bere aurkako akusazio guztiak ukatu zituen. Auzitegi Nazionaleko epaileak bermerik gabe utzi zuen aske ibartarra. Operazio berean atxilotutako 18 kideren egoera berean dago orain, Madriletik berriro noiz deituko zain.
Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera orduko, herritarrak kanpoan zituen esperoan Jon Mintegiagak. Epailearen bulegoan gertatua azaldu ondoren, eskerrak eman nahi izan zizkien senide, lagun eta ingurukoei: «Oso babesturik sentitu naiz etorri den jende guztiari esker, eta horrek asko laguntzen du. Eskerrik asko!". Tolosaldetik astearte goizaldeko 03:00etan irten zen autobusa Espainiako hiriburura. 'Minde'rekin batera 23 lagunek ekin zioten bidaiari. Tartean ziren, besteak beste, Jexux Peñagarikano Ibarrako alkatea eta LAB sindikatuko eskualdeko ordezkariak. Ohiko txantxek isiltasunari utzi zioten lekua. Lehen geldialdia Gasteiz inguruan egin zuen gidariak. Atea zabaldu zuenean Fran Balda igo zen autobusera. Arbizuarra Herrira-ren aurkako operazioan atxilotu zuten irailaren 30ean. Atzo, eskuburdinik gabe joan zen Madrilera, 'Minde'-ri laguntzera.  
Bidean bigarren geldialdi bat egin ondoren, Espainiako hiriburura 09:00etan iritsi ziren, hain zuzen ere Colonen plazara. Auzitegi Nazionalaren inguruan, ELA sindikatuko bi kide elkartu zitzaizkien eskualdekoei, baita Izquierda Castillanako ordezkari bat ere. Aiert Larrarte abokatua 10:00etan iritsi zen Prim kalera, eta 'Minde' berarekin sartu zen Espainiako eszepzio epaitegira. Eloy Velasco epaileak bi euskal herritar zituen deituak, baina bakarra agertu zen, Emili Martin xuberotarra ez baitzen agertu Espainiako hiriburura. Komunikabideen bitartez azaldu zuen erabakiaren berri Martinek: "Ez noa Madrilera ezin dudalako onartu leporatzen didatena; ez naiz joango giza eskubideak urratzen dituen auzitegi batera".
Herrira-ren aurkako operazioa duela hilabete hasi zen, eta Minde-rentzat ez zen atzo amaitu, baina gutxien-gutxienik, bere herritarrekin itzuli ziren etxera Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasa ondoren. Joan zen baina lasaiago itzuli zen ibartarra, izan ere, azken bost asteak errazak ez direla izan onartzen zuen: "Tentsio handiko bost aste izan dira. Atxiloketen ondorengo lehen biak gogorrak izan ziren, eta baita azken bi hauek ere. Gorputzak erritmo hori ezin du jasan, nahiz eta denera egokitu beharra dagoen". Ingurukoen eta eragile desberdinen laguntza behin eta berriz azpimarratu ondoren, itzulerako bidaian joanekoan egin ez zuena egin zuen: lo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!