Irailaren 30ean Herrira-ren aurkako operazioa gauzatu zuen Guardia Zibilak, eta hemezortzi lagun atxilotu zituzten. Jon Mintegiaga ibartarra Hernaniko egoitzan zegoen, eta bere aurrean atxilotu zituzten Herrirako kideak. Bera aske geratu zen, nahiz eta guardia zibilek jakinarazi zioten ikerketak aurrera egin ahala, Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharrean suertatu zitekeela. Orain, bere abokatuaren bidez inputaturik dagoela jakin du. Ondorioz, Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko du Mintegiagak azaroaren 5ean, Eloy Velasco epailearen aurrera. Ibartarrarekin batera, Emilie Martin inputatu du Espainiako epaileak, Ipar Euskal Herriko Herrira-rako kide izatea egotzita. Aurreko hemezortzi atxilotu eta inputatuei bezala, azken bi hauei, «talde terroristako kide» izatea, finantzatzea eta «terrorismoa goratzea» egozten die naiz.info webgunearen arabera.
'Frankismoa eta Trantsizioa, Tolosaldean eta Leitzaldean'
2011n Frankismoa eta Trantsizioa, Tolosaldean eta Leitzaldean liburua idatzi zuen Jon Mintegiaga ibartarrak, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariak eskatuta. Aurrez, 2009an, El Filtro. Memoria de los refugiados vascos en Uruguay liburua idatzi zuen Txalaparta argitaletxearentzat. Ataramiñe talde liburuan ere hainbat poema argitaratuak ditu ibartarrak.