Burdin Aroko gotorlekua, Larte-Gaztelun

Ataria 2014ko apirilaren 3a

Larten egindako lanen irudia. Esparruko zirkulu-formako planta ikusi daiteke.

Mertxe Urteaga Arkeolan Fundazioko zuzendaria da, eta Larte-Gaztelun aurkitutako Burdin Aroko gotorlekuaz aritu da.

Arkeolan fundazioak 2011. urtean hasitako lanak bukatu ditu Larte-Gaztelun, eta gazteluarrei aurkeztu dizkiete. Larteko barrutia okupatu zeneko garaia duela 2.500 urtekoa da, eta aurkikuntza honekin bederatzi kokaleku daude jada Gipuzkoako Burdin Aroko erroldan, horietako hiru eskualdekoak direlarik; Lartekoa, eta Tolosa eta Albiztur arteko mugan dagoen Intxur, eta Anoetako Basagain.

Arkeolan Fundazioko Mertxe Urteaga eta Elena Zangituk pasa den ostiralean aurkeztu zieten gazteluarrei Larteko gailurrean aurkitutako Burdin Aroko gotorlekuko datazio emaitzak. "Jakin-min handia zegoen, eta guztiak pozik geratu ziren emaitzarekin", azaldu dute Arkeolaneko arduradunek.

Izan ere, fundazioan 2011. urtean hasi ziren Gaztelun lanean, herriari izena ematen dion gazteluaren aztarnak bilatzeko. LIDAR kartografiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ortofotoei esker oso kokaleku berezia aurkitu zuten Erroizpe mandiaren gailurrean eta Larteko bete inguruetan.

Hurrengo urtean zenbait lagin arkeologiko egin zituzten, eta hala gotortze-lanekin zerikusia zuten horma-zimentazioak topatu zituzten. Zehazki, Larte mendiaren gailurrean hiru eraztun borobil atzeman zituzten, 10 metroko diametroa zutenak, eta metro bat zabaleko hormak. Horietako baten zundaketa txiki bat egin zuten. Urte bete geroago, 2013ean, Gazteluko herritarren eta  berastegitar zein  tolosar batzuen  laguntzari esker, eraztunetako bat aztertu zuten auzolanez, eta bere oinplanoaren zati bat atzeman zuten. Gainera, kata arkeologiko bat ireki zuten, eta hala jatorri antropikoa zuten sedimentuak topatu zituzten, ikatz, zeramika eta hezur zatiak zituztenak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!