Indusketa eta zaharberritzeak

San Pedroburuko herrixka

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 20a, 21:32

Gipuzkoako herriak Erdi Aroaren hasieran eta erdialdean nolakoak ziren ezagutu asmoz ari da lanean Zehazten kultur zerbitzuak Iosu Etxezarraga arkeologoa buru dela. Horretarako elizak nolakoak ziren eta nola aldatu diren ezagutzea garrantzitsua da, eta horretan Azpeitia, Albiztur, Errezil eta Beizaman lanean ari zirela jakin zuten Bidaniako San Pedroburu muinoan eliza bat bazela. Gaur egun bertan eraikuntzarik ez dagoenez, ikerketa arkeologiko bat egitea erabaki zuten. Orain arte egin duten ikerketak baieztatu du XVI. mendeko eliza bat ezezik, hura baino lehenagoko herrixka bat bazela San Pedroburun.

2011. urtean hasi ziren lehen miaketa arkeologikoak egiten inguru hartan. Hilobia eta elizaren egituraren aztarnak izan zitezkeenak topatu zituzten. Hurrengo urtean, zundaketak egin zituzten, aztarnategiko geruzen egoera eta agertutako aztarnak ebaluatzeko. Eremu txiki bat industu zuten, eta horma eta egitura bati eusteko oinarriak atzeman zituzten. Bi urte horietan eginiko lanen ondorioz, beraz, eliza baten aztarnak aurkitu zituzten, eta horren inguruan antzinako hilobiak topatu zituzten. Zonaldean aurkituriko objektuak Erdi Arokoak dira, baina oraindik frogatu gabe dute garai batean herrixka bat izan zitekeena Erdi Aroan sortu eta abandonaturikoa izan ote zen.
Aztarna gehiago
Eliza zaharraren aztarnak hobe ezagutu eta identifikatuta zituzten geruzak aztertzeko helburuz, indusketa arkeologikoarekin jarraitu zuten pasa den urtean, baina, oraingo honetan, eremu zabalak industuz. Hala, San Pedroburuko tontorrean aurreko urteetako aztarnen ondoan lurra irekitzen hasi ziren. Lehen bi koadroak zabaltzean, 2012. urtean topaturiko hormari buruzko lehen zalantzak sortu zitzaizkien, eta dagoeneko ezagutzen zituzten egitura eta geruzak azaleratzeko erabakia hartu zuten, horien arteko harreman fisikoak ezagutuz zer ziren eta zer funtzio zuten jakiteko.
Iosu Etxezarragak azaldu duenez, «geruzak banan bana industuta, bakoitzak zer ezaugarri duen eta noizkoa den jakin daiteke eta agertzen diren antzinako material edo objektuak zer estratutan zeuden. Kasu normaletan, goiko geruzak berrienak dira, eta azpi-azpian daudenak zaharrenak, miloika urte izateraino».
Indusketek eman zuten emaitzarekin konturatu ziren 2012an topaturiko horma 2011 urtean aurkitu zuten hilobia baino berriagoa dela: «Hori ez zela eliza zaharraren burualdea ikusi genuen, nahiko geruza berrian zegoelako, 1500. urte inguruko aztarnen gainetik». 2011. urtean egindako miaketa arkeologikoa bilatu, eta ordura arte industutako elementuak elkarren artean zer erlazio duten ikusteko geruzak kenduz jarraitu zuten, eta aztarna berriak agertuz joan ziren: «Erdi Aroaren amaierako txanpon bat, Erdi Aroko zeramikazko ontzi puskak eta poste zulo gehiago topatu genituen. Zeramika horien kasuan, Karbono-14 bidezko datazioa egin beharko da data zehaztasunez jakiteko, baina, goi Erdi Arokoak direla uste dugu. Txanponen kasuan ere, adituek zaharberritu eta ikertu beharko dute noizkoak diren jakite aldera».
Objektuekin batera, muinoaren inguruan dauden terrazak edo ordekak ere miatu zituzten, «gizakiak eginikoak ote diren eta noizkoak diren jakiteko». Horien datazioa egin ahal izateko ere ikatz zatiak jaso zituzten lur geruzaren behekaldetik.
Uste baino zaharragoak
Bestalde, 2011. urtean jasotako laginak aztertu dituzte, eta beraz, jakin berri dute San Pedroburuko aztarna zaharrenak noizkoak diren: «Pentsatzen genuena baino zaharragoak dira; 2011 urtean topatu genuen hilobiko haurra IX. mendearen hasieran bizi izan zen, eta urte horretan topaturiko ikatzak ziurrenik 1.100 urte inguruan eraiki zen zutabe baten aztarnak dira».
Etxezarragaren arabera, indusketen emaitzak «bikainak» izan dira: «Aztarnategia uste baino emankorragoa eta interesgarriagoa da, IX. mende hasieratik Aro Berrira arteko aztarnak baitaude, oso egoera onean, gainera». Arkeologoaren ustez, Erdi Aroko Gipuzkoako historiari ekarpen handia egingo dio, «industen jarraitzeko aukera baldin badago, behintzat». Izan ere, oraindik industeko asko geratzen da, eta galdera asko dago erantzuteko, baina, finantzaketaren zain daude jarraitu ahal izateko. «Crowdfunding kanpainari esker bultzada handia eman ahal izan diogu ikerketari; Aldundiaren laguntzaren esperoan gaude, eta baita, iturri berrien bila».   
Egiten duten eta egiten ari diren lanaren berri ematea ere bada Zehazten taldekoen xedea, eta horregatik, iazko udako indusketen ostean, bisita gidatu bat egin zuten, herritarrekin. Hori egin ostean, Bidaniako aztarnategia berriro estali zuten. Uda honetan desestali asmo dute, aztarna berrien bila indusketak egiten jarraitzeko, baina, aipatu bezala, finantzaketa lotu beharko dute aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!