Indusketa eta zaharberritzeak

Herri mortu baten aztarnak aurkitzeko bidean

Asier Imaz 2014ko uzt. 23a, 10:42

Goi erdi aroa VIII. eta XIII. mendeen artean kokatzen dute. Aro horretako aztarnategirik baliotsuenetakoa, Gipuzkoan, Bidania-Goiatzen dago, San Pedroburun; «oinarrizkoa bilakatu daiteke». Bertan, XIX. mendera bitarte ermita bat egon zen. Egun, muino bat besterik ez da, abereen eremua. Indusketek, ordea, harritzeko moduko aztarnak agerian utzi dituzte. Bederatzigarren mende hasieran hil zen haurtxo baten hezurrak, adibidez. Baina bertan lanean ari diren arkeologoak, garai horren aurreko zerbait aurkitu ote duten galdezka dabiltza, horrela balitz, ezusteko handia litzateke: «mundu ezezagun bat».

Zehazten Zerbitzu Kulturalak enpresako kideak 2011n hasi ziren indusketekin. Urtero, bi edo hiru aste egiten dituzte San Pedroburun. Atzo, Bidania-Goiatzen Iosu Etxezarraga, Xabier Alberdi eta Jon Kaspistegi ari ziren lanean.

Indiana Jones-en garaiko arkeologia, objetu baten ingurukoa, iragana da. Egun, testuinguruan aztertzen dituzte objetuak, geruzak hartuz kontuan, eta ondoren, barrukoan egon daitezkeen objetuak. San Pedroburu inguruko populazioaren bilakaera ezagutu nahi dute Zehazteneko kideek. Hilobiek eliza baten aztarnak erakutsi dituzte; inguruan aurkitu dituzten zeramika zatiek nahiz eraikin desberdinen egitura zuloek, bizitza zibila. Hortik galdera: eliza bizitokien ondoren eraikia edo lehenagokoa zen. Ondorengoa balitz, Gipuzkoan aurkikuntza berria izango litzateke hori;  bertako bizilagunek etxe bat eliza bilakatu zutela erakutsiko bailuke. Iosu Etxezarragaren esanetan, «Gasteizko katedraleko indusketan, elizaren aurretik etxea egon zela ikusi zen. Europa mailan ezagutzen diren fenomeno batzuekin lotura du horrek. Hemen esan ohi da, musulmanak etorri zirenean elizak herritarrek sortzen zituztela. Beste leku batzuetan horren aztarnak aurkitu dira, baina Gipuzkoa mailan ez. Hori berria izango litzateke, beraz. Bestalde, garai hartako bizimodua nolakoa zen jakiteko aukera bat izango litzateke. Zeramika ondoan topatutako ikatzaren datazioa egingo dugu horretarako. Orduan jakingo dugu zertaz ari garen».

Eliza ermita bilakatu zen, eta horrela ezagutzen zuten San Pedroburun XIX. mendera bitarte. Ondoren, leku aldaketa etorri zen. Tartean, XII. mende inguruan, sute bat izan zela esan daiteke aztarnategian aurkitutakoaren arabera, izan ere, eraikina eusten zuen zulo batean ikatza aurkitu dute. Horren datazioak erakutsi du zein mendetakoa zen, eta zorua ere maila horretan erreta ageri da. Ondoren, berriro eraikina altxa zutela esan nahi du horrek. XIX. mendean, ermita lekuz aldatu eta San Pedroburu hutsik gelditu zen. Bilakaera guztia horrela gertatu izan balitz, bere esanahia ez litzateke nolanahikoa izango Etxezarragak azaldu bezala: «Arrazoi batengatik edo bestearengatik, leku hau utzi zuten bertakoek. Ondorioz, parrokiak bere funtzioa galdu eta ermita bezala gelditu zen. Hori frogatzeko bidean gaudela uste dugu. Eta horrela egingo bagenu, Gipuzkoan aurkitu den lehen herri mortua izango litzateke; populaketa desagertu den herri bat».

Bidania-Goiatzeko aztarnategia 700 metrotan dago. Hori ere berezia da, izan ere, Gipuzkoan ia ez da egon herririk itsasotik gora altuera horretan. Kokalekua ere berezia da, ondotik Oria bailara eta Urola lotzen dituen bideetako bat igarotzen baita. Alde batean Aralar eta bestean Ernio, mendeetan zehar abere gune zabalak. Ingurune guztia ikusteko paraje egokia da San Pedroburu.

Hipotesiekin lan egiten dute arkeologoek, eta horiei argia indusketek ematen diete Bidania-Goiatzeko aztarnategian. Udan bi edo hiru aste lan eginaz, gauzak geldo joango dira. Hori badakite Zehaztenekoek, eta ulertzen dute gainera. Laguntza gehiagorekin, agian, beste gauza bat izango litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!