XIX. mendeko errota bat berreskuratu dute Asteasun

Ataria 2014ko maiatzaren 17a

Burdina taldeko boluntarioak Asteasun egon dira lanean asteburuan. Erreka bailaran, errepidearen ondoan, orain arte sasiak hartuta zegoen errota bat garbitu dute. Pili Legarra Asteasuko alkateak azaldu duenez, gazteek ez dakite hor dagoenik ere, eta zaharrek errota ez dute martxan ezagutu ere. "Bide bazterrean dago, eta orain arte sasiak hartuta zegoenez ikusi ere ez zen egiten". Udalaren eta Burdina taldekoen helburua errota txukundu eta herritarrei zer zen eta zertarako erabiltzen zen erakustea da, "balioan jartzea", azken finean.

Errota XIX. mendekoa dela esan du Joxe Ramon Berrondo Burdina taldeko kideak. "Ondare historikoa berreskuratu nahi dugu, beti ere auzolanaren bidez, eta orain arte dena garbitzen aritu gara. Aurrera begira hemen kartelen bat jarri nahi dugu, hau ezagutarazteko. Garai bateko argazkia jartzeko asmoa ere badugu, jendeak nolakoa zen ikusi dezan", esan du Berrondok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!