2016an ireki zituen ateak liburutegi berriak Zizurkilen, eta herriarentzako espazio eta topagune garrantzitsua bihurtu da urteotan. Horrela nabarmendu du udalak, herritarrentzat «toki aktibo eta interesgunea aparta» izan dela, eta elkargune bezala funtzionatu duela. Egunotan egingo dituzte hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak.
Liburutegi berria adin guztietako erabiltzaileei zerbitzua emateko sortu zen, eta urteotan lortu du Tolosaldeko eta Gipuzkoa osoko erabiltzaileak erakartzea. Batez beste, egunean 100 erabiltzaile izaten dira Plazida Otañon.
Espazio soziala eta kulturala bihurtu da liburutegia, sormena sustatzen eta literatura bultzatzen duena, eta Joxe Arregi plazako kokapenak herritar guztientzat eskuragarri egotea ahalbidetzen du.
Atzo abiatu zituzten urtemuga ospatzeko ekitaldiak, eta Maddi Ane Txoperenak Zaldi bat liburua aurkeztu zuen, Oihana Aranaren laguntzaz. Bihar jarraituko dute ospakizunek: Hernandorena elkartearen Sustraiak aldizkariaren 35. alea aurkeztuko dute goizean, eta Kontalari2 taldekoen saioa izango da arratsaldean.
LIBURUAREN EGUNA ESKUALDEAN
-
ZIZURKIL
- Aurkezpena. Hernandorena kultur elkarteak prestatu duen Sustraiak berripapera aurkezteko agerraldia egingo dute. Liburutegiaren 10. urteurrenari eta Plazida Otaño zenaren irudiari eskaini diote alea.
- Ipuin kontaketa saioa. Kontalari2 taldeak ipuin kontaketa saio «ganberroa» emango du, 18:00etan, Plazida Otaño liburutegian.
-
TOLOSA
- Deialdia. Tolosako irakurzale talde batek «aldarrikapen ekintza errebelde bat» proposatu du: Liburuaren Egunean kalea hartzea eta bertan irakurtzea. Proposamen anonimoa egin duen taldeak bere burua Bandalismo poetikoa bezala izendatu du. «Irakurketak botere soziala du, eta heldu da botere hori plaza publikoan aitortzeko garaia. Zarataren, dogmen, pasibotasunaren aurrean, irakurtzea erresistentzia ekintza da; izan gaitezen errebelde», esan dute. Liburu bat eskuan hartuta Triangulora 18:30etik 18:45era azaltzeko deia egin dute.
-
ALEGIA
-
Erronka. Herrian zehar egiteko jolas bat prestatu dute: parte hartzaileek liburu bakoitza dagokion idazlearekin lotu eta emaitza liburutegian entregatu beharko dute. Parte hartzaileek «sorpresatxo bat» izango dute.
-
Erakusketa. Liburuaren Egunari buruzko erakusketa liburutegian egongo da ikusgai apirilaren 20tik 24ra.
-
-
LIZARTZA
- Trukea. Lizartzako herri eskolako V. liburu trukea, plazan.