ELKARRIZKETA

«Liburuzainok jendea xaxatzen eta animatzen aritu behar izaten dugu»

Jon Miranda Labaien 2026ko apirilaren 22a

Arantxa Zabala Artola Plazida Otaño liburutegiko liburuzaina da. Hamar urteotako ibilbideari errepasoa eman dio.

Zein onura ekarri zion espazio berriak liburutegiari?

Ikaragarria. Liburutegiei askotan exijitzen zaie berritzaileagoak izan daitezen, kulturari eskainitako espazioak sor ditzaten eta elkargune funtzioa bete dezaten, baina hori guztia gero espazio zaharkituetan egin behar izaten da. Hori da guri pasatzen zitzaiguna: aurreko liburutegian ez genuen apenas tokirik. Alde ederrekoa da oraingo espazioa: 400 metro koadro ditugu gure lana egokiago egiteko.

Asko aldatu al da espazioa hamar urte hauetan?

Mundua aldatzen doan heinean, euskarriak ere aldatu egiten dira. CD eta DVDek lekua galdu dute liburutegian, lehen erdigunean zeuden eta orain bazter batean. Maria Moliner sariari esker altzari berriak erosi genituen, eta orain mugikorragoak dira; hezkidetzarekin lotutako liburuak eta komikiak jarri ditugu erdigunean, gaur egun gehiago eskatzen baitira.

Zein da irakurlearen profila?

Emakumeak dira erabiltzaile gehienak. Gazteak batez ere ikasteko toki bezala erabiltzen dute liburutegia, eta libururen bat eramaten dute tarteka, baina ez guk nahi genukeen adina. Mailegatzen diren liburuei dagokienez, orokorrean, best-sellerrak, nobela beltzak, eta maitasun istorioek dute arrakasta gehien. Hala ere, sumatzen dugu gero eta jende gehiagok ematen duela saltoa beste literatura mota batera, kalitate handiagoko literatura-edo.

Euskarazko liburuek zein presentzia dute?

Niretzat salto handiena hor eman da. Liburutegi zaharrean euskarazko liburuak bagenituen, baina ez zen liburu berria hainbeste demandatzen. Gaur egun, nobedadeak, erdarazkoak adina erosi behar izaten ditugu euskarazkoak. 

Urteotan egindako ekimen guztietatik zein nabarmenduko zenuke?

Gauza asko egin ditugu. Bereziki gogoan dut Ipuinen unibertsoa familian ekimena; gurasoak, ikastetxeak eta komunitate osoa biltzen zen liburutegiaren bueltan. Azkenaldian, berriz, tertuliena da ugaritu den fenomenoa. Batez ere gustura hartu du adineko jendeak, irakurketari eutsi eta burua argi mantentzeko ariketa bezala hartzen baitute. 

Arantzaren bat izan al da?

Beti daude egin nahi dituzun gauzak eta denbora faltagatik egin gabe uzten dituzunak. Jende askok pentsatzen du denbora-pasa egoten garela hemen, baina lan handia dago liburutegi batean. 

Irakurzaletasuna bultzatzeko zein da errezeta?

Ekitea eta ekitea. Liburuzainok gure aldetik asko eman behar izaten dugu. Ez da kontua liburua erosi eta hor uztea. Jendea xaxatzen eta animatzen aritu behar izaten dugu. Irakurlea ezagutu, eta irakurle profil bakoitzari liburu bat lotu behar dio liburuzainak.

Nola irudikatzen duzu liburutegia hemendik 10 urtera?

Bada ni gabe, ordurako erretiroa hartuta egongo bainaiz. Espazio ireki eta bizia irudikatzen dut, non herritar literaturazaleak bilduko diren, gizarte progresista eta kulturazale batean txertatuta. Herritar horietako bat izango naiz ni.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!