Kalera atera eta bertan irakurtzeko deia egin dute

Ataria 2026ko apirilaren 21a

Liburuaren Egunean, ostegunean, Trianguloa plazara liburu bat hartuta joateko eskatu du Bandalismo poetikoa taldeak. 18:30etik 18:45era kalean irakurtzea da proposamena.

Liburuaren Eguna izango da ostegunean, apirilaren 23an, eta Tolosako irakurzale talde batek kalera atera bertan irakurtzeko deia egin du, irakurketak duen botere soziala plaza publikoan aitortzeko. Honenbestez, Liburuaren Egunean, liburu bat hartu eta Trianguloa plazara gerturatzeko eskatu dute, 18:30etik 18:45era. Eguraldi txarra eginez gero, Zerkausian bilduko dira.

Bandalismo poetikoa bezala izendatu du taldeak bere burua, eta nabarmendu du irakurtzea erresistentzia ekintza dela zarataren, dogmen eta pasibotasunaren aurrean. «Izan gaitezen errebelde», esan dute sare sozialetan zabaldu duten mezuan. Liburu batek ahalbidetzen dituen sentipenak zerrendatu ditu taldeak: «Bizitzari hitzak jartzen, bizitza ulertzen saiatzen, edo bizitzatik ihes egiten. Biziko ez ditugun dozenaka bizitza imajinatzen. Galderak egiten eta erantzunak aurkitzen. Hitzek ereindako txinpartetatik, pentsamenduak eraikitzen. Ukimenaren plazera paperari egozten, azaletik mamira, orrialdeen bihurgunetan eta gure gorputzarenetan».

Ostegunean, beraz, liburu bat besapean hartu eta plazara ateratzeko deia luzatu dute Bandalismo poetikoa taldeko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!