Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun zentroari buruzkoek hautsak harrotu dituzte

Aitor Arroyo Askarai 2025eko uztailaren 17a

Osasun zentro berria eraikitzea aurreikusten duten ingurua. IREKIA

Osasun Sailak bost urte barru ospitale berria martxan jartzea aurreikusi du. Egoera eta bermerik eza salatu dituzte EH Bilduk, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak eta Asuncion Klinikako langileen batzordeak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdeko osasun zentro berria eraikitzeko asmoa azaldu eta bost urteren buruan martxan izango dela iragarri du. Alberto Martínez Osasun sailburuak azaldu duenez zentroak 74 ohe eta hiru ebakuntza gela izango ditu, eta Gipuzkoa osorako prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan «erreferente» izango dela gehitu du. Iragarpenak, baina, hautsak harrotu eta iritzia ematera bultzatu ditu eskualdeko zenbait eragile.

Kasurako, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak «mesfidantza eta nahigabea» azaldu ditu. Hainbat argudioren artean nabarmendu dute eraikin berria erresoluzio handiko zentro (EHZ-CAR) bat izango dela eta «ez ospitale bat»; adierazpenetan ez dutela Asuncion Klinika kontuan hartu; Jaurlaritzak ez duela bermatu ospitale berriaren izaera publikoa izango denik; eta proiektuak ez duela Asuncioneko langileen egoera kontuan hartzen. 

Erabakiak hartzeko moduan «nagusikeria eta larderia» sumatzen ditu osasun publikoaren aldeko plataformak, eta gardentasun eza ere salatu dute. Aurrera begira borrokan jarraitzeko asmoa azaldu dute, eta euren atxikimendua adierazi diete Asanblada Feministak, Onekak, Tolosaldeko Pentsiodunak taldeak, LABek, ELAk, Asuncion Klinikako Enpresa Batzordeak eta Ernaik.

Informazio falta
Tolosaldeko EH Bilduk kezka adierazi du Osasun Sailaren planaren inguruan. Informazioa «tantaka» ematen ari direla salatu dute, eta informazio eskaera zein galderak erregistratu ditu Rebeka Ubera ordezkariak Eusko Legebiltzarrean.

Adierazi dutenaren arabera osasun zentro publiko baten aldeko apustua «norabide egokian» doa, baina «titularretatik harago» ez da aurrerapenik egon: «Ez zaigu bidezkoa iruditzen, ezta serioa ere, tamaina horretako egitasmo bati buruzko informazioa tantaka eta prentsako titularren bidez soilik ezagutaraztea». 

Hari berari tiraka gaitzetsi dute informazioa jakinarazteko modua: «Are larriagoa da tokiko alkateek ere komunikabideekin batera izan dutela nobedadeen berri, aurretiaz ez baitzaie inolako informaziorik helarazi». 

Azpiegitura zalantzan
Asuncion Klinikaren aldean zentro berriak ohe eta ebakuntza gela gutxiago izango lituzkeela ere nabarmendu dute: «Nola eman asmo da zerbitzu hobea egun Asuncion ospitalean dauden baino ia 50 ohe gutxiagorekin?». 

Eta ebakuntza gelen kopurua ere zalantzan jarri dute: «Hiru ebakuntza gela eduki eta Gipuzkoako erreferentzia izango omen da osasun proba batzuk egiteko; gaur egun, Tolosaldeko herritarrentzat bost ebakuntza gela ditu Asuncion Klinikak. Nola izango da hiru ebakuntza gelako zentro berria erreferente Gipuzkoan?».

Lekua eta osagarritasuna
Nola TOPAk, hala EH Bilduk zalantzan jarri dute eraikitzeko aukeratutako gunea ere, inguruko trafikoa eta azpiegiturak kontuan hartuta: «Trafiko kontzentrazio handiko lekua da: suhiltzaileak, Laskorain ikastola, kiroldegia, Usabalgo eta Apattako industriaguneak eta N-1 errepideko sarrera-irteera puntua batzen dira».

Bestalde, «larria» iruditzen zaie Asuncion Klinika ez aipatzea, urteak daramatzala-eta eskualdeko ospitale baten egitekoak betetzen, itunpeko zentro pribatu bat izanda: «Asuncion Klinika existituko ez balitz bezala ezin da etorkizuneko planifikaziorik egin. Ikuspegi integrala duen konponbidea behar dugu Tolosalderako».

Langileek ere begi txarrez
Asuncion Klinikako LAB eta ELA sindikatuek osatutako langile batzordea haserre azaldu da 2030 urterako eraikiko duten eskualdeko ospitale publikoaren inguruko azken albisteekin: «Langileok urte asko daramatzagu herritarrekin batera Tolosaldeko ospitale publikoaren aldarrikapenean. Kezka handiz hartu ditugu azken adierazpenak; izan ere, gaur gaurkoz mahai gainean jarri ditugun hiru aldarrikapenetatik bat bera ere ez dute bermatzen: ospitale % 100 publikoa, zerbitzu guztiak izatea eta langileen subrogazioa aurreikustea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!