Tolosaldeko EH Bilduk kezka adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdeko ESIari buruz egindako azken iragarpenaren inguruan. Informazioa «tantaka» ematen ari direla salatu dute, eta informazio eskaera zein galderak erregistratu ditu Rebeka Ubera ordezkariak Eusko Legebiltzarrean.
Adierazi dutenaren arabera osasun zentro publiko baten aldeko apustua «norabide egokian» doa, baina «titularretatik harago» ez da aurrerapenik egon: «Ez zaigu bidezkoa iruditzen, ezta serioa ere, tamaina horretako egitasmo bati buruzko informazioa tantaka eta prentsa aurreko titularren bidez soilik ezagutaraztea. Eta are larriagoa da tokiko alkateek ere komunikabideekin batera izan dutela nobedadeen berri, aurretiaz ez baitzaie inolako informaziorik helarazi».
Azpiegitura eta harremana Donostiako ospitalearekin
Era berean, Asuncion klinikaren aldean zentro berriak ohe eta ebakuntza gela gutxiago izango lituzkeela nabarmendu dute: «Zentro berriak 74 ohe izango dituela azaldu zien komunikabideei Osasun sailburuak. Nola eman asmo da zerbitzu hobea egun Asuncion ospitalean dauden baino ia 50 ohe gutxiagorekin? Bestetik, hiru ebakuntza gela edukiko omen ditu, eta Gipuzkoako erreferentzia izango omen da osasun proba batzuk egiteko. Egun, Tolosaldeko herritarrentzat bost ebakuntza gela ditu Asuncion klinikak, nola izango da hiru ebakuntza gelako zentro berria erreferente Gipuzkoa mailan?».
Hari berari tiraka aipatu dute Donostiako ospitalearekin zerbitzua osatzeko asmoa badute, horrek «plangintza oso bat» ekarri beharko lukeela: «Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ez dute horren inguruko inolako aipamenik egin».
Kokalekua eta Asuncion klinika
Zentro berria eraikitzeko aukeratutako gunea ere zalantzan jarri dute, inguruko trafiko pilaketa eta azpiegiturak kontuan hartuta: «Trafiko kontzentrazio handiko lekua da, suhiltzaileak, Laskorain ikastola, kiroldegia, Usabalgo eta Apattako industriaguneak eta N-1 errepideko sarrera-irteera puntua batzen dira eremu horretan».
Bestalde, «akats nabarmen bat» ikusten dute iragarpenean: «Asuncion klinika existituko ez balitz bezala ezin da etorkizuneko planifikaziorik egin. Ikuspegi integrala duen konponbidea behar dugu Tolosalderako. Osasun arreta ezin da inprobisazioz kudeatu. Tolosaldeak planifikazio sendoa, proiektu argia eta herritarren beharrei egokitutako planteamendu serioa behar ditu».
Horrekin batera jakinarazi dute Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galderak eta informazio eskaerak erregistratu dituela Eusko Legebiltzarrean, egitasmoaren xehetasun gehiago eskatzeko; eta Tolosaldean, berriz, EH Bilduk lanean jarraituko dutela kalitatezko osasun arreta publikoa eta euskalduna bermatzeko.