Tolosaldeko ospitale publikoa

Asuncion Klinikako langile batzordeak langileen subrogazioa eskatu du

Ataria 2025eko uztailaren 10a

Asuncion Klinikako langile batzordearen taldeko argazkia. Iturria: LAB eta ELA

Asuncion Klinikako langile batzordea haserre azaldu da 2030 urterako eraikiko duten eskualdeko ospitale publikoaren inguruko azken albisteekin. «Gure nahigabea eta haserrea azaldu nahi dugu, gure etorkizuna eta lanpostuak kolokan daude eta jaso dugun informazio bakarra prentsa bidez jaso dugu».

LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek osatzen dute langile batzordea eta esan du azken albisteen arabera orain arte egindako hiru aldarrikapenetako bat ere ez dela beteko: «Langileok urte asko daramatzagu herritarrekin batera Tolosaldeko ospitale publikoaren aldarrikapenean. Tolosaldean eraikiko den ospitalearen xehetasun batzuk eman berri dira aste honetan prentsan. LAB eta ELAk kezka handiz hartu ditugu esandakoak; izan ere, gaur gaurkoz mahai gainean jarri ditugun hiru aldarrikapenetatik bat bera ere ez da bermatzen: ospitalea % 100 publikoa, zerbitzu guztiak izatea eta langileen subrogazioa aurreikustea».

% 100 publikoa izango den ospitalea

Asuncionen egun 350 bat langile daudela gogoratu dute, eta nabarmendu dute horietako asko urte luzez ari direla eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen «orain arte eskualde mailako ospitale funtzioa betetzen duen klinikan. Langile publikoak izan ordez, pribatizaturik eta baldintza kaskarretan aritu gara».

Duela aste batzuk Donostiako Onkologikoko langileak Donostialdeko ESIan subrogatuak izan direla gogoratu dute, «hau da, bertan lanean jarraituko duten bermea lortu dute Osakidetzak eta ordezkaritza sindikalak horrela adostuta». Langileen batzordeak Osasun sailburuari Asuncion Klinika publifikatzea, hain justu, badagoelako jadanik eman nahi duten zerbitzuarentzat eraikina, edo bertako langileak Tolosan eraikiko den ospitale berrian subrogatuak izatea eskatu diote. «Ez dakigu ospitale berria % 100 publikoa izango dela bermatzen ote den, hau da, ez dakigu zerbitzurik pribatizatuko ote den. Besteak beste, prentsan agertu diren adierazpenez gain eraikiko den ospitalearen Plan Funtzional berririk ez baitigute helarazi. Era berean, Tolosaldeko alkateei ere langileen subrogazioa ez bada bermatzen proiektua ontzat ez emateko eskatu diete.

Zerbitzu guztiak izango dituena

Esan dute ez dakitela ospitale berriak zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea izango ote den; izan ere, «biztanleriari dagokionez oso antzekoa den Debagoienako ESIaren ospitaleak ematen dituen zerbitzuekin alderatuta, aipatu diren zerbitzuek, ebakuntza-gelek, kopuruek... ez baitute herritarrak eskatzen ari diren eskualdeko ospitale integral baten itxurarik». Eta adibideak eman dituzte: «Debagoienako ospitaleak 6 ebakuntza-gela ditu guztira –4.417 interbentzio inguru urtean– eta 3 erditze gela –417 haur jaiotzen dira urtean–, Tolosako ospitale berriak interbentzio kirurgiko gutxiago eskaintzeaz gain, bertan ez da haurrik jaioko».

LAB eta ELA sindikatuek eskatutako aldarrikapenak bermatu arte langileak mobilizatzera deituko dituzte eta herriko eragileak ere batzera animatu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!