Tolosaldeko ospitale publikoa

Jaurlaritzak «ospitale publiko berria» bost urteko epean martxan egotea aurreikusi du

Ataria 2025eko uztailaren 9a

Inaki Irabazabalbeitia, Xabier Ibarzabal, Maite Martinez de Albeniz, Igor Zapirain, Ander Figuerido, Alberto Martinez eta Pili Legarra gaur, ospitale berria egingo den lekuan.

Donostialdea ESIaren menpe egongo da, eta prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan «Gipuzkoa osorako erreferente» izango da. Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek hartu dute parte zentroaren diseinuan. Alkateen Mugimendua pozik azaldu da proiektuaren inguruko azalpenekin.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Tolosan izan da gaur goizean, eta esan du «ospitale publiko berri bat» eraikiko duela Osasun Sailak, zeina Tolosaldeari ez ezik, Gipuzkoako osasun beharrei erantzungo dien. Zentroak 74 ohe eta 3 ebakuntza gela izango dituela nabarmendu du, eta Gipuzkoa osorako prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan «erreferente» izango dela gehitu du.

Suhiltzaileen parkearen alboan, Iurramendiko aparkalekuan egin ditu adierazpenak Osasun sailburuak. Hain zuzen, kokapen horretan eta bost urteko epean martxan egongo dela ospitale berria esan du Martinezek. Dena den, beste behin gogoratu du prozesua hasteko Tolosa Udalak osoko bilkurara eraman behar duela Hiri Antolamenduko Planaren Aldaketa Puntuala, eta lurrak Osakidetzaren esku utzi, lizitazioekin hasteko.

Osasun sailburuarekin batera, Maite Martinez de Albeniz Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, Xabier Ormazabal Ekonomia eta Finantzako zuzendaria eta Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkariak izan dira.

Martinezek Jaurlaritzak ospitalea eraikitzeko duen konpromisoa nabarmendu du: «Tolosaldean asistentziaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral baterantz aurrera egitea da helburua, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren zatiketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz». Sailburuak esan du Jaurlaritzaren lehentasunezko jardueren artean dagoela osasun zentro berria eraikitzea, eta eskualdeko ospitale batetik harago, lurraldeko beste zonalde batzuetako pertsonen beharrei ere erantzungo diela.

Zentro berriaren jardunaren muina bereizmen handiko kontsultak izango direla esan du sailburuak, eta Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia. 74 ospitalizazio-ohe, 3 ebakuntza-gela, Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituen erresonantzia-zerbitzu bat, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako 2 miaketa-gela, anestesia osteko errekuperazio unitate bat (ABU), larrialdietako arreta jarraituko puntu bat (EAG), erradiologiako ekipoak (OTA, ekografiak, digestiboa...) eta errehabilitazioa izango lituzke sailburuaren esanetan. «Ebakuntzak goizez bakarrik egingo dira eta horrekin urtean ebakuntza-gela bakoitzean 1.200 ebakuntza egin ahal izango direla ikusi dugu, 3.600 guztira», zehaztu du.

Martinezek azaldu duenez, zentro berriaren diseinua «eskualdeko egungo eta etorkizuneko biztanleriaren, asistentzia-beharren eta ospitaleratzeen azterketa sakon baten emaitza» izan da. Azterketa horretan Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dutela nabarmendu du. «Egin duten azterketan ondorioztatu dute konplexutasun maila baxuko paziente medikoei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituzten pazienteei zuzendutako ospitaleratze azpiegitura bat ezartzeko beharra», esan du Martinezek.

Iturria: Irekia

Osasun sailburuaren hitzetan, Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitaleratzeak hartzeko aukera izango luke. «Era berean, Tolosaldeko pazienteak kirurgia eremu batez hornitzeko beharra ikusi da, bai eta Tolosaldean etxeko ospitalizazio-zerbitzu bat mantentzekoa eta Donostialdea ESIko EAGrekin koordinatutako larrialdiko arretarako dispositibo bat haien eskura jartzekoa ere», adierazi du sailburuak.

Bestalde, ospitale berria eraiki bitarte, Tolosaldea ESIaren antolaketan aldaketa batzuk iragarri ditu sailburuak «zenbait zerbitzu berrantolatzeko eta asistentzia anbulatorioa indartzeko». Hala, barne-medikuntzak asistentzian eta lan-fluxuen kudeaketan duen zeregina indartzea; Tolosaldeko pazienteak Donostialdea ESIan dauden programa eta ibilbideetan sartzea; Tolosako anbulatorioan barne-medikuaren figura ezartzea; Tolosaldean asistentzia anbulatorio espezializatua indartzea; eta Donostia Unibertsitate Ospitalean konplexutasun handiko kirurgiak hartzea aipatu ditu.

Alkateen Mugimenduak balorazio positiboa egin du

Alkateen Mugimenduko eta Ibarrako alkate Igor Zapirainek positiboki baloratu du gaurko agerraldia:«Oso positibotzat hartzen dugu, azken urte pare hauetan Osasun sailbururekin eta kabinetearekin lankidetzan aritu gara eta gaur argi eta garbi geratu da konpromisoa. Hala ere, badaude ñabardura txikiak, baina guk prestutasun guztia dugu aurrera egiteko eta hitz egiteko». Asuncion Klinikarekin zer gertatuko den ez dutela azaldu nabarmendu du. «Faltan botatzen dugu eta bertako langileen etorkizunak asko kezkatzen gaitu. Denon artean konponbide on batzuetara iritsiko garela pentsatzen dugu».

Pili Legarra Alkateen Mugimenduko kide eta Asteasuko alkateak pauso bat emateko garaia zela esan du: «Ospitale publikoa errealitate bihurtzea aurrerapausoa da. Dena ez da udalaren esku egoten, baina Tolosako Udalak ez du inoiz trabarik jarri eta eman beharreko pausoak eman ditu. Denon elkarlaguntza ezinbestekoa da eta zentzu berean egin behar dugu aurrera. Asko estimatzen dugu Donostiako Ospitalearen zati izatea eta hango profesionalak egotea. Hori da hainbatetan eskatu duguna; Tolosaldeko herritarrak gaur egun ezin gara Donostiako Ospitalera joan, baina orain hemen egongo badira... pauso garrantzitsua da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!