Tolosaldeko ospitale publikoa

TOPAk «mesfidantza eta nahigabea» azaldu ditu azken adierazpenen harira

Ataria 2025eko uztailaren 16a

TOPAk agerraldia egin du Tolosako Zerkausian. A. ARROYO

Eraikitzeko asmoa duten osasun zentro berriaren inguruan aldarrikapenak berretsi ditu osasun publikoaren aldeko plataformak, eta harridura azaldu du eskualdeko alkateen adierazpenen inguruan.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak «mesfidantza eta nahigabea» azaldu ditu osasun zentro berriaren inguruko azken adierazpenen harira. Tolosan egin zuten agerraldia Alberto Martinez Osasun sailburuak eta eskualdeko zenbait alkatek eta, besteak beste, «ospitale publiko berria» bost urteko epean martxan egotea aurreikusten dutela iragarri zuten.

Lehenik eta behin nabarmendu dute ezin zaiola «ospitale deitu ospitale ez den» zerbaiti: «Osasun sailburuak aurkeztu duena erresoluzio handiko zentro (EHZ-CAR) bat da, Donostia ospitalearen arreta osatuko lukeena, baliabide modernoekin eta Gipuzkoa guztiari zerbitzua emanda; eta oraindik ez dakigu guztiz publikoa den edo ez». Gainerako eskualdeen aldean Tolosaldeko egoera «okerragoa» izango dela uste dute: «Euren tokiko ospitaleaz gain EHZren zerbitzuak ere erabili ahal izango dituztelako; eta Tolosaldeak eskualdeko ospitale publikorik gabe jarraituko du».

Informazioa tantaka
Plataformaren esanetan erabakiak «nagusikeriaz eta larderiaz» hartzen ari dira, eta ez dute «azterketa global eta partekatu» bat: «Ez gaituzte kontuan izan, gizarte mugimendu bat bagara ere, ezta sindikatuak eta eskualdeko alkateen taldea ere. Gure mobilizazioek behartuta informazioa ematen digute, baina tantaka, eta informazio horretan gehiago ikusten dugu Eusko Jaurlaritzaren publizitatea gardentasuna baino».

Hari horri tiraka aipatu dute ez dutela ezagutzen proiektuaren plan funtzionala, eta proiektua atzeratzen ari dela: «2027rako behar zuena 2030 atzeratu da orain. Eta zentro hori egin bitartean zer? Ez dago eskualdera begirako osasun aurreikuspen plan garbirik. Nahiz eta esan duten anbulatorioa indartu egingo dutela espezialitate batzuekin eta Donostialdeko ESIan sartuko gaituztela, ez dute zehaztu nola har dezakeen Donostia Ospitaleak Tolosaldeko biztanleria guztia, ezta noiz egin ahal izango duen ere».

Kokapena eta Asuncion klinika
Zentro berria eraikitzeko aukeratu duten lekua ere desegokitzat du TOPAk, ez dagoelako «behar adina leku» eta «zirkulazio arazo serioak» sor daitezkeelako.

Bestalde, «larria» iruditzen zaie Asuncion klinika ez aipatzea, urteak daramatzala-eta eskualdeko ospitale baten egitekoak betetzen, itunpeko zentro pribatu bat izanda: «Bertako 350 langileek izugarrizko ahalegina egiten dute herritarrak ahalik eta ondoen artatzeko, lan baldintza prekarioetan gainera. Gure eskerrik beroena egiten duten lanagatik, eta guztiz bat gatoz langileek egin duten eskaerarekin subrogatuak izateko eta ospitale publiko batean sartzeko».

Harridura alkateen adierazpenekin
Azkenik, eskualdeko alkateen adierazpenekin «harrituta» gelditu direla ere adierazi dute: «Ba al dute benetan motiborik pozik egoteko? Ez dakigu nola interpretatu duten sailburuak aurkeztutako proiektua, baina ez gatoz bat hain mezu positiboarekin». Zentzu horretan, alkateen mugimenduari eskatu diote jarduteko «konponbide zehatzen bila» eta «garbi» azal dezala zein den haien proposamena.

«Mesfidati gaude azken aldian azaldu diren berri triunfalisten aurrean, izan ere, Osakidetza erortzen utzi duten horiek diote zentro honekin osasun erreferente izango garela». Plataformaren hitzetan «adreiluzko konponbidea» aurkeztu dute: «Zentro horrek ez du eskualde ospitale bat ordezkatzen, osatu baizik. Berriro ere adreiluzko konponbidea aurkeztu digute, baina langileei buruz ezertxo ere ez».

Amaitzeko, borrokan jarraitzeko asmoa ere iragarri dute: «Osasun baldintza duinak nahi ditugu, gainerako eskualdeek dituztenen parekoak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!