Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

Bertsolarien bidelagun

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 10a, 07:56

Eskualdeko lau ordezkari daude Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai jartzaile multzoan: Ion Zaldua Brit billabonatarrak 25 urte bete ditu taldean, Iker Iriarte Iribar alegiarrak Donostiako finala aurkeztuko du, Igotz Alkorta Irastortza zizurkildarra estreinakoz ari da eta Imanol Artola Arretxe 'felix' amezketarra taldeko koordinatzailea da.

Bertso saioak gidatu eta gaiak aurrez finkatzen dituen pertsona da gai jartzailea. Saioak zentzua izan dezan, puzzlea osatu ahal izateko ezinbesteko pieza da, noski, bertsolariekin batera. Ezinbestekoa da, baina, plazako eta txapelketako gai jartzaileak bereiztea. Lehenak, normalean bere kabuz sortzen ditu gaiak, eta gero berak aurkezten ditu saioetan. Bigarrena, berriz, multzo baten ordezkari izan ohi da saioetan; aurrez taldean erabakitako gaiak aurkezteaz arduratzen da.

Imanol Artola, Igotz Alkorta eta Ion Zaldua. J.A.

Eskualdean badira gai jartzaile lanetan diharduten zenbait, eta une honetan, jokoan den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai jartzaile taldean daude horietako lau: Ion Zaldua Brit (Amasa-Villabona, 1978), Igotz Alkorta Irastortza (Zizurkil, 1984), Iker Iriarte Iribar (Alegia, 1984) eta Imanol Artola Arretxe felix (Amezketa, 1989). Talde batek bultzatuta hasi ziren laurak. «Bestela, oso zaila da norbera bakarrik hastea», esan du Alkortak.

Urriaren 1ean 25 urte bete ziren Zaldua lehen aldiz gai jartzaile izan zenetik; Asteasun izan zen. «Herriarteko Txapelketarako Aiztondo bailarako taldea osatu genuen. Bertsolariak baziren, baina epaileak eta gai jartzaileak falta ziren. Bertso eskolan aritzen ginen hiru lagun sartu ginen taldean: beste biak epaile eta ni gai jartzaile».

Gai jartzaile lanean denbora gutxien daramana da Artola. 2015eko Gipuzkoa Bertsotan txapelketan egin zuen lehen saioa, Hernanin. «Gonbita jaso eta ez nuen bi aldiz ere pentsatu. Lehenago jaso nituen proposamen gehiago bertso saioetan gai jartzaile aritzeko, eta nahia izan nuen, baina errespetu handiegia ematen zidan». Aurrez, 2013-2014 ikasturtean, gai jartzaile eskolan izena ematea erabaki zuen. «Bertsozalea nintzen, eta bertsolaritzara gerturatzeko beste modu bat zen. Zaletasun modura egin nuen ikastaroa, gerora eragina izan zezakeela pentsatu gabe. Ez nuen uste horrenbesteko dedikazioa eskainiko nionik».

Alegiako Zazpi Astoren Gainean bertsozale taldearen bidez hurbildu zen bertsolaritzara Iriarte. «Taldean ez zegoen bertsolaririk, eta saioak antolatzen eta horietarako gaiak prestatzen aritzen ginen». Geroago, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea berarekin harremanetan jarri zen, gai jartzaile taldea handitzeko asmoz, eta 2007ko txapelketan izan zen lehen aldiz bertako kide. «22 edo 23 urte izango nituen, eta ausarta izan nintzen», esan du.

Alkortaren lehen aldia, berriz, 2002ko Zizurkilgo Herriguneko jaietako bertso saioan izan zen. «Ordurako, zenbait ekitaldi aurkezten nituen herrian, baina oso gaztea nintzen. Herritar talde bat bildu ginen, aurkezlea erabakitzeko. Lehen urteetan, taldean erabakitzen genituen gaiak, eta nik soilik aurkeztu egiten nituen. Aurrerago, neroni bakarrik aritzen nintzen gaiak jartzen eta aurkezten. 2017an Herriarteko Txapelketan parte hartu nuen, eta hau nire lehen aldia da Gipuzkoako Txapelketan. Beraz, sartu berria naiz, baina baita beteranoa ere».

Iker Iriarte: «Erraza da gai jartzaile izatea; agian, errazegia. Gai jartzaile ona izatea da zaila»

Laurak dira bertsozaleak. Zaletasun hori, bertso mundua ezagutzearekin batera, gai jartzaile izateko «ezinbesteko baldintza» dela nabarmendu dute, baita jendaurrean jarduteko gaitasuna ere. «Hizkuntzarekiko zaletasuna eta sortzeko gogoa ere behar da», gaineratu du Alkortak, «jakinduria ere behar da, eta hastapenetan, ingurukoen iritzia edo ekarpenak ezinbestekoak dira», erantzun du Zalduak. Gai jartzaile taldean ez dute ziurtagiririk eskatzen, ezta ikastaroa egitea ere. Hori bai, taldeko inor ez da aurrez saiorik aurkeztu gabea. «Erraza da gai jartzaile izatea; agian, errazegia. Bertsozale den edonork jar ditzake gaiak. Gai jartzaile ona izatea da zaila, eta ez dut uste horretarako formula dakien inor dagoenik, gainera», adierazi du Iriartek.

Gaiak zakura eta semaforora

15 lagunek osatzen dute txapelketako gai jartzaile taldea. 8 emakumezkoak dira, eta 7 gizonezkoak. Denen artean sortzen dituzte gaiak, baina taldeko bik ez dute txapelketako saiorik aurkezten. Gaiak eta saioa bera aurkezteaz gain, emanaldia gidatzea, oharrak azaltzea eta bertsolariei beharrezko laguntza ematea izaten dira beraien zeregin nagusienak. «Oholtzan, behintzat, bertsolarien erreferente gara. Beti saiatzen gara ahalik eta erosoen egon daitezen», esan du Artolak. «Beraien bidelagun gara. Ahalik eta gehien erraztu behar diegu bidea eta ahalik eta gozoen izan behar dugu beraiekin, saioa hasi aurreko unetik oholtza uzten duten arte», gaineratu du Alkortak.

Horren atzetik, baina, ikusten ez den lan handia dagoela esan dute. Astero egiten duten bileran erabakitzen dituzte gaiak. Prozesuak bi fase izaten dituela azaldu du Artolak. «Batetik, zakua betetzea. Marko orokor bat ezarrita izaten dugu, gaiak zein motatakoak izan daitezkeen jakiteko, eta gutako bakoitzak, saio oso bat prestatu behar izaten du etxean. Behin hori eginda, bilerarako dokumentuak partekatzen ditugu, hau da, zakua betetzen dugu. Gai guztiak ditugunean, banaka irakurtzen ditugu, eta balekoak diren ala ez erabakitzen dugu». Bigarren fasean, semaforoaren ariketa egiten dutela azaldu du Alkortak: «Gustatzen zaizkigun gaiak berdez markatzen ditugu, zalantzakoak horiz eta, baztertutakoak, gorriz. Amezketarrak esan du koordinatzaileek, berak eta Ane Ezenarrok alegia, saioak etxetik prestatuta eramaten dituztela bilerara, baina ondoren, aldaketa asko egiten dituztela. «Gutxi dira taldean proposatu bezala oholtzan irakurtzen diren gaiak».

Gaien erabakiak duen garrantziaz jabetzeko, kontuan izan beharreko xehetasun bat azaldu du Zalduak: «Guk jarritako gaiari hitza eman behar die bertsolariek. Saio bat ona edo txarra izatea, batez ere, bertsolarien gain egoten da, baina gai jartzaileak ere badu bere ardura». Horri lotuta, gaia enfokatzeko modua «erabat garrantzitsua» dela gaineratu du Artolak. «Hitz bakoitza erabakitzeko, hiru lerroko esaldi bat adosteko eta puntuazio zeinuak zehazteko, denbora asko behar izaten dugu. Xehetasun txikienari ere garrantzi handia ematen diogu».

Tentsioak eta ardurak

Gai jartzaileak saioa hasi baino ordubete lehenago elkartzen dira bertsolariekin. Oholtzara igo, saioko eskema errepasatu, soinu frogak egin, ganbara non dagoen jakin… Ondoren, zozketa egiten dute, ordena erabakitzeko. Gai bakoitzean zein bertsolarik kantatuko duen edo duten zehazten du hurrenkera horrek. «Une horretan, urduri egon daiteke gai jartzailea, baina aldi berean, egoera kontrolpean duenaren sentsazioa eman behar die bertsolariei», esan du Artolak. Amezketarrak aitortu du bizpahiru bertsoaldi igaro arte irauten diola urduritasunak. «Dena kontrolpean eduki nahiak eragindako tentsio betean egoten naiz saioa hasi aurreko une horietan. Oholtzara igotzen naizenean, asko lasaitzen naiz», esan du Zalduak.

Ion Zaldua: «Dena kontrolpean eduki nahiak eragindako tentsio betean egoten naiz saioa hasi aurretik»

Iriartek 2007an Usurbilen aurkeztu zuen lehen bertso saioa ekarri du gogora. «Bakarrik joan nintzen, nora nindoan oso ondo jakin gabe. Oholtzara igo nintzenean, eskuak eta hankak dardarka nituen. Gaur egun, asko lagundu du esperientziak, elkar zaintzak eta protokoloak eguneratzeak. Hobekuntza nabarmenenak izan dira».

Igotz Alkorta: «Gure akats batek edo gaia behar bezala ez irakurtzeak eragin handia izan dezake»

 

Gaiak behar bezala ulertzeko «ardura handia» dutela ere nabarmendu du Alkortak: «Gure akats batek edo gaia behar bezala ez irakurtzeak eragin handia izan dezake. Bertsolari askok Euskal Herriko Txapelketan kantatzea dute helburu, eta askorentzat inoizko plaza garrantzitsuena izango da hori. Nik, behintzat, presio handiagoa sentitzen dut alde horretatik, publikoan dagoen ikusle kopuruagatik baino».

Gai jartzaile taldeko kideak asteartero elkartzen dira txapelketako saioak prestatzeko. J.ARTUTXA

Imanol Artola: «Beste gai jartzaileak aurkezten ikustean atzematen ditut nire akatsak, eta oso gustuko dut hori»

 

Ikusle modura jarraitutako bertso saioetan, gai jartzaileari askotan erreparatu izan diotela esan dute: «Une honetan, are gehiago, defektu profesionalagatik», aipatu du Alkortak. Zalduak dio «nahi gabe ere, derrigorra» dela. «Beste gai jartzaileak aurkezten ikustean atzematen ditut nire akatsak, eta oso gustuko dut hori», gehitu du Artolak.

Ion Zaldua, Ane Ezenarro eta Imanol Artola, urriaren 29ko bileran, Amasa-Villabonako Subijana etxean. J. ARTUTXA

Saioetatik aparte, nahi gabe bada ere, gai berrietan etengabe pentsatzeko ohitura handia izaten duela azaldu du amezketarrak: «Aktibo edukitzen dut burua, eta edozein elkarrizketetan eskura izaten dut mugikorra, badaezpada. Auskalo ohartxoen aplikazioan zenbat ideia izango ditudan idatzita!». Une honetan, «ardura puntu batekin» ere bizi duela aitortu du. «Gure lana sorkuntza ikuspuntu batetik bizitzen ari naiz. Sortzaile ere bagara».

Askotariko anekdotak

Urte hauetan guztietan, era guztietako esperientziak bizitzea egokitu zaie gai jartzaileei, baita inoiz gertatuko zitzaizkiela usteko ez zituztenak ere. Zalduak, esaterako, bertsolari kopuru aldaketa izan zuen, behin, Larraulgo festetan. «Lau bertsolari zeuden deituta. Batek esan zidan ezin zuela etorri, baina beste bati abisatuko ziola. Azkenean, bost bertsolari azaldu ziren, horietatik bi aurreikusita ez nituenak. Ondorioz, prestatutako eskemak ez zuen ezertarako balio izan». Beste behin, txapelketa batean, bertsolari bati bigarren puntua botatzera zihoala, lehenengoa baino tonu bat gorago kantatzeko eskatu zion. «Solfeoko ikasgairik ez dudanez, sentitzen nuela, baina ozenago kantatuko nuela erantzun nion».

Alkortak, 2003ko Zizurkilgo Herriguneko festetako saioa. «Sekulako lehortea egin zuen uda hartan. Orduan epel zenez, kanpoan hasi genuen saioa, baina bat-batean, euri tantak erortzen hasi ziren, geroz eta azkarrago. Joxe Arregi ari zen kantuan une horretan. Musuzapi bat hartu, lau ertzetan korapilo bana egin, buru gainean jarri, eta kantuan jarraitu zuen. Azkenean, frontoian amaitu genuen. Hori bai, Joxek zaparrada azpian egin zuen ofizio osoa».

Artolak, berriz, Eskolarteko Txapelketan, Zarauzko saioan gertatutakoa kontatu du: «Afaldu aurretik, bertsolarietako batek, 15 urteko gazte batek, esan zidan ez zuela kantatuko. Ez nekien zer egin; gainera, hasiberria nintzen gai jartzaile lanetan. Beste bertsolari batek esan zidan bertso eskolako lagun getariar bati esango ziola, ea animatzen zen. Libe Goenaga zen. Afaldu ondoren azaldu zen, saioan kantatu, eta azkenean, irabazi egin zuen. Ondorioz, Gipuzkoako finalera sailkatu zen».

Iriartek, azkenik, Tolosako Usabal kiroldegian jokatutako finalaurreko bat du gogoan. «Harituzekoek pankarta bat egin zidaten. Ez dakit inoiz aurkezle bati halakorik egin ote zaion. 'Aupa Iker, gai haiz!' zioela uste dut. Egun horretan bertan, goizean, bizikletan itzuli bat egitera joan ginen lagun min bat eta biok. Saioa hasi baino ordubete lehenago edo, bizikletak furgoneta batetik bestera aldatzen hasi eta katea galtzetan trabatu zitzaidan. Sekulako zuloa egin zidan eta grasaz erabat zikinduta nituen. Ez nuen denborarik etxera joan eta aldatzeko. Nola edo hala, garbitu genituen, baina galtzak erabat hautsita atera nintzen oholtzara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!