«Aurkezle lanetarako trebatuta nengoen; 20 urterekin, 2.000 lagunen aurrean Erasunen eta Olasagastiren arteko apustua aurkeztu nuen». Orain gustura aritzen dela esan du, «langintza ederra delako». Aurten lehen aldia du Gipuzkoako Txapelketan.
Nola sentitu zara aurtengo txapelketan aurkeztutako saioetan?
Plazer handia izaten ari da. Gure lehen oinarria akatsik ez egitea da eta, horrek, niri behintzat, presio gehigarri bat eragiten dit. Oro har, baina, oso gustura aritu naiz bi saioetan. Tolosan sekulako giroa izan genuen eta hasierako urduritasuna gozamena bilakatu zen amaieran.
Orain arte, antolakuntza taldetik edo kazetari bezala jarraitu izan dituzu txapelketak. Aurten, oso bestelakoa al da ikuspegia?
Bai. Orain benetan konturatu naiz txapelketako gai jartzaileen lanaz. Urte osoko lana izaten ari da, baina aldi berean, oso aberasgarria. Talde giro ederra dugu eta pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera ematen du.
Nola gogoratzen duzu 2002an egin zenuen zure lehen saio hura?
18 urte nituen, eta saioa aurkeztu besterik ez nuen egin, baina urduri egongo nintzen, seguru. Gogoan dut Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak kantatu zutela; oso gazteak ziren. Joxe Agirre, Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbio ere aritu ziren. Orain, pentsatzen jarrita, esango nuke inkontzientzia puntu bat ere izan nuela.
Desberdina al da plazan edo txapelketan gai jartzaile aritzea?
Oso desberdina da. Plazan edo bertso afari batean, aurrez jakiten duzu gai bakoitza zein bertsolariri jarriko diozun. Horrek beti ematen dizu bide gai batzuetara edo besteetara jotzeko. Gainera, gaiak talde lan baten emaitza izaten dira eta guk aurkeztu besterik ez ditugu egiten. Gaien arteko oreka ere oso garrantzitsua da. Plazako saioen kasuan, onerako ala txarrerako, zu zara gaien arduraduna eta, beraz, arriskatzeak ondorio gutxiago izaten ditu.
Urtero saio finkoak izaten dituzu? Tartean ba al da gogoko duzunik?
20 urtez aritu nintzen herriko festetan gaiak jartzen, 2021era arte. 2007tik aurrera, ia gai gehientsuenak nik proposatutakoak izaten ziren. Saio hori beti izango da berezia niretzat. 2008an, bertso afari bat antolatu genuen Txolarre Irratiaren alde, Tolosako Iurre auzoko elkartean, eta hura izan zen nik jarritako gaiekin osatutako lehen saioa. Gaur egun, lauzpabost saio egiten ditut urtean. 2022an, Elbarrenako festen atarian, bertso afaria egiten hasi ziren Urkamendi elkartean, eta urtero aritzen naiz bertan. Badu zerbait berezia saio horrek; giro bikaina izaten dugu.