Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

«Ezin dugu plazaren zain egon, besoak gurutzatuta»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 10a, 07:55

Imanol Artola Arretxe 'felix'. J.A.

Bertsolaritzan murgildu eta gai jartzaile lanetan aritzeko, Harituzen babesa «ezinbestekoa» izan dela nabarmendu du Imanol Artola Arretxe felixek: «Sortu ez balitz, askoz plaza gutxiago egingo nituzke».

2015eko Gipuzkoako Txapelketako gai jartzaile taldean «giro ona» atzeman zuela eta, argi zuen talde horretan jarraitu nahi zuela. Aurten, Ane Ezenarrorekin batera, gai jartzaile taldeko koordinatzailea da, eta abenduaren 1ean, Arrasaten jokatuko den azken finalaurrekoa aurkeztuko du.

Nola heldu zitzaizun koordinatzaile izateko aukera?

Aurreko txapelketa amaitu zenean, orduan koordinatzaile izan zen Iker [Iriarte], erreleboa nahi zuela esan zigun. Anek eta biok elkarrekin egiteko proposatu ziguten. Berehala esan genuen prest geundela, non sartzera gindoazen oso ondo jakin gabe.

Zuek erabakitzen duzue zein gai jartzaile ariko den saio bakoitzean?

Antolakuntza taldearen erabakia izaten da hori. Koordinatzaile lanean arituta, nire asmoa ez zen txapelketako saioak aurkeztea. Hala ere, egiten dugun lanari ikusgarritasuna eman behar zitzaiola uste dut. Finaleko aurkezlearen kasuan, urtetan egindako lanaren aitortza edo eskertza modura hautatu ohi da, eta aurten, Iker izango da.

Gogoan duzu aurkeztu zenuen lehen saioa?

2015eko Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean izan zen, Hernanin. Goiz eta arratsaldez izan ziren saioak eta seina bertsolari aritu ziren saio bakoitzean, tartean, orduan nire idolo handiena zen Jon Maia. «Hik lasaitasuna transmititu behar dek» esan zidaten gai jartzaile taldean, eta ni urduri nengoen; oso galduta aritu nintzen. Gero, jasotako iritzien arabera, lasaitasuna transmititu omen nuen. Aitak, Lasarten egin nuen saioa ikusi ondoren, honakoa esan zion amari: «Oraindik, txapelketa honetan, saio gehiago aurkeztuko ditu». Ordutik aurrera egindako saioetan lasaiago aritu nintzen. Anekdota bat ere izan zen Hernaniko saioan. Ia bertsoaldi guztiei jotzen nien txalo, eta Ion Zalduak, saio hartan laguntzaile izan nuenak, gero esan zidan txapelketan gai jartzaileek ez dutela txalorik jotzen.

Urtero saio finkoak izaten dituzu? Tartean bada gustuko duzunik?

12 eta 20 saio artean egiten ditut urtero, eta horietatik bizpahiru izaten dira finkoak. Beste gai jartzaileekin alderatuta, kopuru altua da. Hala ere, saio motari erreparatuz, ni neu ere antolakuntzan aritutako saioak dira ia denak. Bertsolaritzaren nukleoan gabiltzanok ere antolatu behar ditugu saioak; sustapen lan hori egin behar dugu. Ezin dugu plazaren zain egon, besoak gurutzatuta. Egiten ditudanetatik gustukoena Azken Muga ekimenekoa da, lekuagatik eta sortzen den atmosfera bereziagatik. Bakarra da.

Erlazionatuak

Bertsolarien bidelagun

Josu Artutxa Dorronsoro aza 10 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!