Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

«2007an sei gai jartzaile ginen, eta bakarra zen emakumezkoa»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 10a, 07:56

Iker Iriarte Iribar. BERTSOZALE ELKARTEA

Eskolarteko Txapelketan kantatutakoa da Iker Iriarte Iribar alegiarra, baita herriko festetako saioan ere; oraindik ere gustuko du bertsotan aritzea. «Neure burua bertsolari ere kontsideratzen dut», nabarmendu du.

Aurtengo txapelketa berezia izaten ari dela dio, besteak beste, abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalean aurkezle izango delako. «Orain arteko txapelketetan, itzaleko lanean aritu izan naiz beti».

Nola ari zara jarraitzen txapelketa?

Sentimendu uholde betean harrapatu nau. Lehenik, etxean egoera pertsonal oso berezia bizitzen ari garelako; bestetik, aurreko edizioetan bezala intentsitate handiz bizitzen ari naizelako; eta azkenik, finalean aurkezle izango naizelako.

Azken hori dela eta, urduri zaude?

Sekulako ilusioa egiten dit finala aurkezteak. Ia 20 urte dira Bertsozale Elkartean alor desberdinetan lanean hasi nintzela, eta hau antolakuntza taldeak egindako opari edo aitortza da. Aukera eman zidatenean, pozez hartu nuen proposamena eta berehala eman nuen baiezkoa. Ez dut uste aurrerago final gehiago aurkezteko aukera izango dudanik.

2007tik ari zara txapelketan gai jartzaile eta aurkezle lanean. Nola aldatu da zuen jarduna?

Duela 17 urte sei gai jartzaile besterik ez ginen, eta bakarra zen emakumezkoa. Orain, 15 gara eta erdiak izango dira emakumezkoak. Gai jartzaileon jatorria ere kontuan hartzekoa da. Lehen, Tolosaldekoak, goierritarrak eta Donostia ingurukoak ginen. Zentzu horretan, orain aberatsagoa da taldea.

Txapelketez gain, plazan ere aritu izan zara. Non aritzen zara gusturago eta zergatik?

Txapelketan gai jartzaile aritzetik zerbaitek asetzen banau, talde izaera eta dugun giroa da, baina ni gusturago aritzen naiz plazan. Ardura gutxiago izaten dugu, eta arriskatzeko aukera gehiago dago. Bestetik, bertsolariek adinako protagonismoa daukazu, eta egindako lanaren arabera, errekonozimendu pertsonalerako ere balio izaten du. Azkenik, errekonpentsa ekonomikoa dago, ez dizut gezurrik esango. Plazako gai jartzaileen jardunarekin, ordea, kezkatuta nago. Gutako batzuk, nahi baino gutxiago gabiltza plazan. Askok, ordu asko pasatzen dituzte itzaleko lanean, errekonozimendurik jaso gabe, kasik bere patrikatik dirua jarriz eta arrakastarako aukerarik gabe.

Urtero saio finkoak izaten dituzu? Eta ba al dago baten bat gogoko duzuna?

Urtean oso plaza gutxi egiten ditut, 6-8 inguru. Horietatik hiruzpalau, gainera, guk antolatutakoak izaten dira. Bereziki estimatzen dudana da Donostiako Lugaritz aretoan egiten dudana, azaroko azken ostiralean; aurten ere bertan izango naiz. Saio horretan benetan bertsozaleak garenak elkartzen garela esango nuke, eta bertsolarientzat ere oso garrantzitsua izaten da.

Erlazionatuak

Bertsolarien bidelagun

Josu Artutxa Dorronsoro aza 10 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!