Zu, Jon, 1999ko urriaren 1ean hasi zinen gai jartzaile, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, Asteasuko elkartean. Gogoan duzu egun hura?
Gogoan dut orduko urduritasuna, bai. Taldean jarri genituen gaiak eta nik aurkeztu egin nituen.
Nolakoak izan ziren gai jartzaile lanean egindako lehen urteak?
Lehen saioak txapelketa giroan egin nituen. 2001ean, Txapelketa Nagusirako sailkatze fase bat jokatu zen, eta gai jartzaileak pisu handikoak ziren, ni baino 25-30 urte helduagoak. Gogoan dut kikilduta joaten nintzela haiengana, oso txiki sentitzen nintzelako, iritzia emateko ere beldurrez. Gerora jabetu naiz maisu eta irakasle bikainak izan zirela guretzat. Asko ikasi nuen lehen urte haietan.
Txapelketa Nagusian ere aritu izan zara.
Azken hiru txapelketetan aritu naiz, bai. Azken txapelketan, gainera, finala aurkezteko ohorea izan nuen, Iruñean. Gai jartzaile taldeari eman zioten aurkezlea hautatzeko aukera, eta gogoan dut ni egon ez nintzen bilera batean erabaki zutela ni izatea. Oraindik ere oso pozik eta eskertuta nago horregatik.
25 urtetan aldatu al da zuen lan egiteko modua?
Asko. Lehen ez genuen ordenagailurik eta dena eskuz egiten genuen. Gaiak koadernoan idatzita eramaten genituen bileretara, eta bertan irakurtzen genituen. Gero, kide batek izaten zuen erabakitako gaiak hartu eta saio bat osatzeko ardura. Beranduago, bileretan hasi ginen saioak prestatzen, eta gai motak bereizi eta aukeratzeko modua ere aldatu egin da urtez urte.
Gaiak eta horiek tratatzeko modua ere aldatuko zen, noski.
Bai. Azken finean, kontuan izan behar da sortzaileak garela. Askotan, bizi dugunetik sortzen dugu. Aita izan nintzenean, ziur haurren ingurukoak izango zirela sortuko nituen gai gehienak. Gaur egun, emakumezkoen presentzia askoz handiagoa da, eta horrek eragina izan du gaietan.
Non aritzen zara gusturago, txapelketan edo plazan?
Bietan aritzen naiz gustura. Plazan, saioa nireagoa da; nik erabakitzen dut nori zer gai jarri, eta asko gustatzen zait hori.
Urtero saio finkoak izaten dituzu? Eta bakarren bat bada gustuko duzuna?
Azken urteetan, Zarauzko San Pelaio festetan egiten den Inurritzako saioa egiten ari naiz, eta oso maitea dut. Uda hasieran izaten da, bertsozaleak festa gosez egoten dira eta plaza bete egiten da.