Inauterietako pilotakadaren auzia

Pilotakadaren auzia argitzeko eskaera gehiago

Ataria 2024ko otsailaren 15a

ELA-Ertzaintzak Villabonako gaztea zauritu izana deitoratu du eta ikerketa bat eskatu du gertatutakoa argitzeko. Tolosako epaile batek ere zabaldu du ikerketa ofizioz, eta gaztearen familiak akusazio partikular moduan salaketa jarri du.

ELA-Ertzaintzak Segurtasun sailari eskatu dio protokoloak ezar ditzala ertzain kopuru nahikoa izateko, horrela «istiluen aurkako materialaren erabilpena saihesteko». Horiek horrela, sailari eskatu dio bere esku dauden erabakiak har ditzala halakorik berriro gerta ez dadin. Bestalde, ELA-Ertzaintzak esan du ez datorrela bat ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek zabaldu zuten oharrarekin zaurituarekiko oso enpatia gutxi adierazi dutelako eta Ertzaintzaren ekintza ororen «defentsa itsua» egiten dutelako, «horrek eragiten du Ertzaintza gero eta gehiago aldentzea zerbitzua eskaini behar dion gizartetik». Gertakariak gardentasunez eta independentziaz ikertzea da jarduera polizialarekiko konfiantza pizteko modu bakarra ELA-Ertzaintzaren iritziz eta «lan polizial prebentiboa» egiteko aukera ematen duela gehitu du. 

Begian «ondorioak»

Bestalde, Tolosako epaile batek zabaldu du ikerketa ofizioz, eta gaztearen familiak akusazio partikular moduan salaketa jarri du. Gaur ziren gazteari ebakuntza egitekoak, baina medikuek ebakuntza atzeratzea erabaki dute, oraindik ere begia puztuegia daukalako gazteak. Barruan duen odolbildua apaltzen ari zaio, eta «barruko organoak bere lekura» itzultzen ari dira. Froga mediko gehiago egingo dizkiote gaur, eta, horien arabera, baliteke bihar egitea ebakuntza. Jon Pazos gaztearen aitak BERRIAri jakinarazi dionez «lente kristalinoa hautsita» dauka, erretina askatua izateaz gain, eta, kolpea «indarkeria handikoa» izan zenez, «ondorioak» izango ditu. Lente kristalinoak oinarrizko funtzioa du ikusmenean: enfokatzeko eta argitasuna behar bezala jasotzeko oso garrantzitsua da. Hura puskatua duenez, lente artifizial batengatik ordezkatzea da aukera bat. Horrelako esku hartze baten ondorioak ezin dira jakin, baina Pazosek segurutzat jo du ondorioak izango dituela gaztearengan.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!