Amasa-Villabonan, Zizurkilen eta Tolosan mozio bana onartu dute

Ataria 2024ko ots. 7a, 07:58

Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta Tolosako udalbatzek Renferen aldirikoen zein distantzia erdiko zerbitzuen egoera kaskarra salatu eta zerbitzu horiek hobetzea eskatu dute.

Tolosako erdiguneko tren geltokia ez da eskualdean irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituen, zaharkituta dagoen eta eraberritze lanak behar-beharrezkoak dituen bakarra. Amasa-Villabona eta Zizurkil artean dagoen geltokian ere arazo ugari dituzte. Hori horrela, Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta Tolosako EH Bilduren udal taldeek, azken urteetan eman den Irun eta Brinkola arteko Renferen aldirikoen zein distantzia erdiko zerbitzuen egoera kaskarra salatu eta zerbitzu horiek hobetzea eskatzen duen mozioa aurkeztu dute berriki.

Amasa-Villabonan, pasa den astean eztabaidatu eta bozkatu zuten, urtarrileko osoko bilkuran. Aurrera atera zen proposamena, udal gobernuaren aldeko botoekin. EAJk abstentziora jo zuen eta PSEk mozioaren aurka bozkatu zuen. Tolosan, berriz, abenduaren 28an egindako osoko bilkuran aurkeztu eta bozkatu zuten udal gobernuaren proposamena. Kasu honetan, aho batez onartu zuten mozioa.

Mozioak zenbait eskaera jasotzen ditu. Batetik, aldirikoen eta distantzia erdikoen tren-zerbitzua hobetzea, ezarrita dauden maiztasunak eta ordutegiak errespetatuz. Bestetik, Gipuzkoako zenbait puntutan egiten ari diren AHTaren lanek tren zerbitzuetan ahalik eta eragin txikiena izatea. Horrez gain, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea trenbide azpiegiturak. Halaber, Adifek azpiegituretan hobekuntzak egitea, bereziki trenbidearen gaineko pasabide arriskutsuak kentzeko prozesua azkartzeko eta geltokietan eta inguruetan erabiltzaile guztien irisgarritasuna bermatzeko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu eta azpiegiturak transferitzeko eskaera egin diezaiola Espainiako Gobernuari, eta plangintza bat landu dezala tren zerbitzuak eta azpiegiturek dituzten arazoei irtenbidea emateko.

Amasa-Villabonako Udalak, gainera, bereziki Billabona-Zizurkil geltokiak gaur egun duen egoera «penagarria» salatu du mozio horretan. «Horregatik, geltokiaren zaharberritze integrala gauzatzea, pertsona guztien irisgarritasuna bermatzeko neurriak hartzea eta igogailuak jartzea eskatzen dugu».

Zizurkilgo Udalak abenduko ez ohiko osoko bilkuran, eztabaidatu zuen Irun eta Brinkola arteko Adifen trenbidea eta Renferen aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuak hobetzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Mozioaren alde egin zuten EH Bilduk eta EAJk, eta kontra, berriz, PSE-EEk. Zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak bete eta trenbide azpiegiturak hobetzeko eskatu du Zizurkilgo Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!