Tolosako erdiguneko geltokia zaharberritzeko proiektua atzeratu izana salatu du Eguzkik

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 25a, 12:35

Talde ekologistak gogoratu du 2023an Adifek urtea amaitu aurretik obren lizitazioa abiarazi eta lanak esleitzeko konpromisoa hartu zuela.

Eguzki talde ekologistak salatu duenez, ADIFek Tolosako erdiguneko tren geltokia zaharberritzeko konpromisoak «urratu» ditu berriro. «Agindu zuenaren kontra, lanak ez dira ez lizitatu ez esleitu 2023an, eta are gehiago, proiektuak behin betiko onarpena jaso gabe jarraitzen du».

Talde ekologistak gogoratu du tren-geltokian oztopo arkitektonikoak hain direla «handiak» ezen Arartekoak «iritsezina» dela esan baitzuen 2011 urtean egindako txostenean. Hala, ordutik gaur egunera arte eman diren pausoak ekarri dituzte gogora: «Arazoari heldu behar ziola onartu zuen ADIFek 2014ko plan batean; proiektuaren esleipena 2017an iragarri zuen, eta idazteko epea bost hilabetekoa zen; 2019an, ezer ez zela mugitzen ikusita, protesta berriak izan ziren, eta orduan esan zuen ADIFek proiektua idatzita zegoela eta aztertzen ari zirela; proiektua 2021. urtera arte ez zuten aurkeztu, baina, behin betiko onarpena falta zuen; 2023ko martxoan, ADIFek eta Tolosako Udalak bilera bat egin zuten, eta bertan, ADIFeko ordezkariek atzerapena onartu eta proiektura giza baliabide gehiago bideratzeko konpromisoa hartu zuten, proiektua uda aurretik onartu eta urtea amaitu aurretik obren lizitazioa abiarazi eta lanak esleitu ahal izateko».

Eguzkik adierazi du 2024 urtean sartuta izan arren, lanak oraindik ez direla ez lizitatu ez eta esleitu ere, proiektuak oraindik behin betiko onarpena falta duelako. Tolosako geltokian gertatzen ari dena «eskandaluzkoa» da ekologisten ustez: «administrazioak Irun-Brinkola linea eta, oro har, aldiriko tren-zerbitzuak nolako abandonu-egoeran dituen adibidea baino ez da».

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, Tolosako erdiguneko geltokia seigarrena da Renfek Gipuzkoan dituen hogeita hamarren artean. Batez beste mila lagunek erabiltzen dute egunero. Arazorik handiena Brinkola norabideko nasan dagoela dio Eguzkik: «Linea osoan dagoen nasarik arriskutsuena da, ezbairik gabe. Nasa eta bagoiaren artean 50 cm-ko aldea dago, eta, gainera, altura 40 cm-koa da. Tarte hori gaindiezina da adineko eta mugikortasun-arazoak dituzten pertsona askorentzat, baina, oro har, arriskutsua da edozein erabiltzailerentzat. Zeresanik ez haur-kotxearekin edo erosketak egiteko karroarekin joanez gero. Gainera, kalea eta nasa bitartean 24 eskailera-maila daude».

3 milioi euro

ADIFek 2021ean aurkeztu zuen proiektuaren arabera, eskailerak egokitu, igogailuak ezarri, nasak zabaldu eta trenbide gaineko pasarela bat ere eraikiko da. Pasarela horrek, gainera, Monteskue auzora iristea erraztuko du. Aurrekontua 3 milioi eurokoa da.

Aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia Euskal Autonomia Erkidegora iristear dela ere gogoratu dute, eta argi ikusten dute horrek «zerbitzua hobetzeko» balio behar duela. «Horretarako dirua inbertitu behar da, eta dirua egon badago. AHTn inbertitzeko dirua baldin badago, zergatik ez jendeak egunero erabiltzen duen trenean inbertitzeko?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!