Aldiriko eta distantzia erdiko tren zerbitzua hobetzeko eskatu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 4a, 13:00

Ez ohiko osoko bilkuran aurkeztutako mozioaren alde egin zuten EH Bilduk eta EAJk eta kontra bozkatu zuen PSE-EEk.

Irun eta Brinkola arteko Adifen trenbidea eta Renferen aldiriko zein distantzia erdiko zerbitzuak hobetzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk azkeneko ez ohiko osoko bilkuran. Mozioaren alde egin dute EH Bilduk eta EAJk, eta kontra, berriz, PSE-EEk. Zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak bete eta trenbide azpiegiturak hobetzeko eskatu du Zizurkilgo Udalak. 

Aldiriko zein erdiko distantziaren linean eskaintzen diren zerbitzuen maiztasunak eta ordutegiak "urgentziaz" betetzeko eskatu dio udalak Renfe operadoreari. Gipuzkoan AHTren obrek trenen zirkulazioan eragiten duten kaltea ahalik eta gehien gutxitu dezatela ere eskatu die Espainiako Sustapen ministerioari eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailari.

Zizurkilgo Udalak nahi du Espainiako gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Adifek kudeatzen dituen trenbide azpiegiturak, tartean Irun eta Brinkola artekoa, eta baliabideak jartzea Irun eta Gasteiz arteko distantzia erdiko zerbitzuan. Horretarako Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari zerbitzu eta azpiegitura horien eskaera egin diezaiola eta plangintza bat landu dezala eskatu dio udalak, modu horretara, zerbitzua hartu bezain pronto beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko.

Hobekuntza horiei dagokionez, bereziki, trenbide gaineko pasabide arriskutsuak kentzeko eta geltokietan eta inguruetan erabiltzaile guztien irisgarritasuna bermatzeko eskatu du Zizurkilgo Udalak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!