Arreta zerbitzua hobetzea eskatu dute tren bidaiariek

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 7a, 07:59

Azken hilabeteetan ohikoak bilakatu dira aldez aurretik jakinarazi gabeko aldiriko trenen atzerapenak, bertan behera uzteak edota murrizketak. Egoera honek eragin handia du, besteak beste, eskualdeko herritarren artean, asko baitira egunero zerbitzu hau erabiltzen dutenak.

Mirari Martin tolosarrak astelehenetik ostiralera egiten ditu joan etorriak trenean lanera joateko, Tolosatik Lezora, eta arazoak egunero izaten dituela kontatu du: «Gehien bat atzerapenak izaten ditut, bai joaterakoan eta baita bueltatzerakoan ere. Oso arraroa da trena garaiz iristea, eta batzuetan ere geldirik geratzen da». Geldialdi hauek gutxienez 5 eta 10 minutukoak izaten direla dio tolosarrak eta oso gutxitan abisatzen dutela zergatik egiten diren geldialdi hauek. «Orain dela hilabete batzuk ordu eta laurden egon ginen tunel batean geldi, eta bidaiariok altxatu behar izan ginen informazio eske, inork ez zigutelako ezer esaten», azaldu du.

Egoera honen ondorioz, behin baino gehiagotan iritsi da lanera berandu. Horregatik, hori ez gertatzeko, bi ordu lehenago hartzen du trena, «inoiz ez dakidalako nire trena bere orduan datorren, berandu iritsiko den edo zuzenean ezer esan gabe kenduko duten». Dena den, neurriak hartu arren, beti izan du lanera berandu iristen den egunen bat. «Orain dela bi aste kalejira batean jo behar nuenean musika eskolako ikasle helduekin, baina trena 45 minutu berandu iritsi zen eta hainbat geldialdi luze egin zituen. Hori dela eta, kalejira ni gabe hasi behar izan zuten ia ordubete beranduago iritsi nintzelako», kontatu du.

Tolosarrak adierazi bezala, «askotan geltokiko langileek ez dakite trenak berandu iristen direla, bidaiariekin batera izaten dute atzerapen horien berri». Beraz, atzerapen horiek denborarekin abisatuko beharko liratekeela uste du, «ADIFek berak irtenbideak jarri, eta web orrian eta RENFE eta ADIFeko aplikazioetan ere abisuak eman beharko lituzkete». Izan ere, aplikazioak ez daudela eguneratuta jakinarazi du, «eta oso zaila da zehazki jakitea trena bere orduan iritsiko den edo ez».

Egoera horren aurrean ez dituztela irtenbiderik ematen aitortu du Martinek: «Askotan beste garraio bat hartzea gomendatzen dute, baina horretarako RENFEko bonuak ez du balio. Beraz, nahiz eta trena doakoa izan, arazo bat izanez gero, beste garraioa ordaindu behar duzu, eta diferentzia hori bakarrik erreklamazio bat jartzen baldin baduzu bueltatzen zaizu».

Ibilbide ertaineko trena

Aldiriko trenean ez ezik, ibilbide ertaineko trenean ere maiz izaten dira arazoak. Hala kontatu du Larraitz Garmendia billabonatarrak. Aurreko urteetan trena maiztasun handiagoarekin hartzen bazuen ere, orain ibilbide ertaineko trena hartzen du Gasteizera joateko, bertan ikasten baitu.

Hernanitik Donostiara bitarteko obrak direla eta, askotan ibilbide ertaineko trena berandu etortzen dela dio Garmendiak, «edo aldirietako tren bat hartzera behartzen zaituzte Zumarragaraino, han beste ibilbide ertaineko tren bat hartzeko». Garmendiaren ustetan, «zerbitzua ez da batere irisgarria, arazoren bat izanez gero, geltoki batzuk, Villabonako, Anoetako edo Tolosako geltokien kasu, ez baitaude prestatuak, Zumarraga, Donostia edo Gasteizkoa geltokiekin alderatuta».

Ibilbide ertaineko trenaren kasuan, orokorrean, irtenbide bat ematen dutela dio billabonatarrak, «baina ez dute era garbian abisatzen eta batzuetan egoera deserosoetan bidaiatu behar izaten dut, adibidez, trena gainezka dagoenean maleta jartzeko lekurik ez da egoten eta esertzeko ere ez». Egoera honen aurrean, Garmendia ere askotan iritsi da klasera berandu eta egoerak amorrua ematen diola esan du. Horregatik, uste du tren zerbitzuen arazoen berri aurretik ematea egokia izango litzatekeela, «baita maiztasuna areagotzea, arazoren baten aurrean dirua itzultzea eta estazioetako leihatiletan langileak egotea ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!