ELKARRIZKETA

«Behetik hasten den ekimen bat da Korrika, bestela ezinezkoa litzateke»

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 16a, 07:59

Ametz Gurrutxaga Murua AEK-ko irakaslea da duela urtebetetik hona eta 23. Korrika antolatzeko ardura hartu du eskualdean; herrietan sortu diren batzordeak koordinatzeko zeregina izango du asteotan.

AEKn irakasle dabil Ametz Gurrutxaga Murua (Legorreta, 1998) eta martxoaren 14an hasiko den Korrikaren 23. edizioko arduraduna da Tolosaldean. Prestaketa lanak nola doazen azaldu dio TOLOSALDEKO ATARIAri.

Noiz proposatu zizuten Tolosaldeko Korrika arduraduna izatea?

Aurreko urtean, 2023ko martxo-apiril buelta horretan euskaltegiko zuzendariak proposatu zidan. Proposatu eta konbentzitu ere bai. Hasieran beldur pixka batekin hartu nuen, ardura handia iruditzen zitzaidalako, baina gerora baiezkoa eman eta orain gogotsu nago erronkari heltzeko.

Noiztik zabiltza AEKn irakasle?

Duela urtebete inguru hasi nintzen eta Zizurkilen eman izan ditut eskolak. Orain Asteasun hastekoa naiz.

Zein da Korrika arduradun baten betebeharra?

Proposamena luzatu zidatenean aurreko edizioko Korrika arduraduna lankidea nuen eta primeran azaldu zizkidan postu honen nondik norakoak; horrek lasaitu egin ninduen. Lanak hasi aurretik, instrukzio eta transmisio lan bat egin dute ingurukoek. Batez ere, hilabete hauetan bilera askotan parte hartzea tokatuko zait eta Korrikaren ingurukoak kudeatzea: kilometroen salmenta, laguntzaile eta babesleak topatzea... Herrien arteko jarduerak elkar ez zapaltzeko koordinazio lan bat ere egin beharko dut. Eta gero, gaur bezala, bada aurpegia ematea, hori ere egokituko zait eskualdeko Korrika arduradun gisa.

Nola antolatzen da eskualdetik Korrika bezalako ekimen bat?

Nik iazko udaberrian ardurari baiezkoa eman nionean, lehenengo hartu-eman batzuk izan nituen, baina irailean hasi genituen Gipuzkoako Korrika batzordearen bilerak. Bertan eskualde ezberdinetako arduradunek parte hartzen dugu. Lehenengo kontaktu zuzena horixe izan zen. Hilabete hauetan bileretan jarraitu dugu eta urtarriletik aurrera buru-belarri nabil lanean.

Hasiak dira Korrika batzordeak sortzen eskualdeko herrietan?

Bai. Aurreko astean egin genuen lehenengo Tolosaldeko batzordea eta gure proposamena hiru astez behin biltzea da. Denok parte hartu behar dugun eremu bat da eta kontuan hartuta zein agenda estuak ditugun, errealitate horri erantzuten saiatuko gara. Batzorde horretan herri ezberdinetako arduradunek hartuko dute parte. Gero, herri bakoitzak bere funtzionamendua izango du, batzuetan herri batzorde oso dinamikoak sortuko dira, beste batzuetan ia-ia pertsona bakarrak eramango du guztia. Hasita daude batzordeak eta Aiztondo bailaran, adibidez, bere martxa daramate. Bertako euskalgintzak indar dezentekoa du eta bere kabuz antolatzen dira.

Zein egiteko dute herriz herriko batzorde hauek?

Askotariko lanak dituzte. Herri mailan Korrika Kulturala antolatu nahi bada pauta horiek nola jarraitu zehaztean da herrietako batzordeetan. Korrika Txikia antolatzeko bidea ematen da bertatik eta Korrika Lagunak egiten laguntzen da. Niri behintzat iruditzen zait ekarpen izugarria egiten dela herrietatik. Uste dut behetik hasten den gauza bat dela Korrika, beti ekimen nazional eta handi bezala irudikatzen dugu, baina euskaltzaleek beren eremu gertukoenean parte hartzen ez badute Korrika ezinezkoa litzateke. Horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko eta Euskal Herri osoa mugitzeko jende askoren laguntza behar da. Herririk ez badago ez dago Korrikarik.

Zein beste bide izan ditzake herritarrak euskararen aldeko ekimen hau babesteko?

Korrika Laguntzaile egin daiteke norbanako oro. Aurten aldaketa bat egin da horrekin, eta betiko txartel fisikoaren ordez, mugikorrerako aplikazio bat erabiliko da. 15 euroren truke zozketa ezberdinetan parte hartu eta deskontuak izateko aukera izango du laguntzaileak. Modu on bat da Korrikari bultzadatxo bat emateko. Aurrez kontu korrontea emana dutenek, gainera, ohiko pin horrekin batera, banderola bat jasoko dute etxean. Korrika.eus atarian sartuta jaso ditzake jendeak Korrika Laguntzailea izateko argibideak. Euskarari bultzada bat ematea da Korrikaren helburua eta laguntza ekonomikoa bideratzea ezinbestekoa da guretzat, horregatik ezinbestekoa da enpresa eta eragileen ekarpena. Korrika Lagun bila ibiliko gara aste hauetan.

Materiala ere salgai jartzen duzue. Non eskuratu daiteke?

Andoaingo euskaltegian txoko bat daukagu prestatuta materialarekin. Azoketan ere ibili izan gara aste hauetan, herri ezberdinetan. Korrikako egunaren zain egon gabe, lasterketa baino lehentxeago pasatzen den furgonetan eskuratu beharrean, aurrez erosi daiteke petoa euskaltegian bertan. Arropak ere badauzkagu, baina bukatzen ari zaizkigu, beraz, jendeari azkar ibiltzeko esan nahi diogu. Bestela, arropaz aparteko bestelako materialak, botilak, giltzatakoak, motxilak eta bestelakoak salgai daude Korrika.eus atarian.

Lasterketa Tolosaldera iritsi aurretik Korrika Kulturalak egingo al du geldialdirik eskualdean?

Aurten, Korrika AEK Kultur Bekari esker Badon izeneko ikuskizuna dabil Euskal Herriko toki ezberdinetan. Guri dagokionez, printzipioz, martxoaren 16an Tolosan izango da ikusgai.

Ibilbideko 29 kilometro eskualdean egingo ditu. Guztiak salduko al dira?

Bai, zorionez, Tolosaldean konturatzerako saltzen dira kilometroak, partitu egin behar izaten ditugu askotan. Errealitate hori daukagu eskualdean. Bere alde onak eta txarrak ditu horrek, gero jendeen artekoak kudeatu behar izaten ditugulako. Sentimendu asko biltzen dituen ekimena da Korrika. Jendeak presente egon nahi izaten du eta kilometro osoa korri egin nahi izaten du. Eragileentzat publizitatea egiteko modu egokia ere bada, neurri batean. Lehengo ostegunean ibilbidea publiko egin ondoren, otsailaren 1ean hasiko gara kilometroak saltzen. Euskaltegiko arduradunengana jo dezake jendeak horretarako.

Zein izango da zure egitekoa martxoaren 23an? Nola espero duzu Korrika hemendik pasako den unea?

Egun horretan gauza bakarra egingo dut: furgonetaren aurretik doan kotxean sartu, eta nahasmenik egon ez dadin, ibilbidea zein den adieraziko dut. Espero dut Korrika iritsi aurretik jendearen emozioa ikusi ahal izatea. Jakin-mina sortzen dit une horrek. Nik beti beste aldetik bizi izan dut, beti egon naiz Korrika noiz iritsiko zain. 'Nola ikusiko gaituzte kotxe barrukoak?', galdera hori bueltaka darabilt aurten.

Zer esango zenieke eskualdeko herritarrei Korrikan parte hartu eta ekimena laguntzeko?

Saiatzeko egoten antolatzen diren ekintza guztietan. Lanean ari denari animoak ematen saiatu daitezela ere eskatu nahi nieke; elkar zaindu dezagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!