Prebentzio segurtasun neurriak jarraituta egingo dira inauteriak

Ataria 2022ko otsailaren 14a

Tolosako Udalak ostegun gauean baieztatu zuen inauteriak antolatzeko lanean hasi zela eta ostiralean intzidentzia altua den bitartean ekitaldi jendetsurik ez egiteko gomendatu zien Jaurlaritzak udalei. Gomendapen horren aurrean udalak berretsi du inauteriak ospatuko direla, beti ere "segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituta".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbatean ateratako aginduan aurreikusitako gomendapenak zalantzak sortu ditu Tolosako inauterien inguruan. 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen duten udalerrietan ekitaldi jendetsurik ez baimentzeko esaten da bertan, zehazki dio  neurri «prebentiboak» bete ezin badituzte, «bertan behera» utzi behar dituztela ekitaldi horiek, edo «atzeratu», egoera epidemiologikoa hobetzen den arte. Tolosako intzidentzia gaur 1.268koa da eta udalak berretsi du inauteriak egin egingo direla, beti ere "segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituta".

Olatz Peon Ormazabal alkateak esan zuen ez dela posible izango inauterietako programazio osoa egitea eta eragileekin bilerak egiten daude guztia lotzeko. Astelehenean emango dute egitarauaren berri. Bien bitartean bi omenaldi ekitaldiren berri eman du udalak. Batetik, asteazkenean hil berri den Tomas Hernandez omenduko dute, zezen plaza ondoan dagoen bere eskulturan. Bestetik, ostegunean Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarra izango dute gogoan. 19:30etik aurrera egingo dute, Topic-en, izan ere, senideek udalari haren liburutegia eman diote eta hitzarmena sinatuko dute egun horretan. Ekitaldian Garmendia Larrañagaren lagun minak izandako Juan Aguirre Sorondo eta Joxe Mari Velez de Mendizabalek hartuko dute parte, besteak beste. Herritarrak ekitaldira gerturatzera gonbidatu ditu udalak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!