Tomas Hernandez Mendizabal margolari, eskultore eta kartelgilea hil da

Ataria 2021ko abe. 27a, 09:53

Tolosako Udalak eta hainbat eragile eta lagunek omenaldia egin zioten 2018an, azken 50 inauterietako kartelak egin izanagatik.

Euskal Herriko ospakizun, emanaldi eta hitzordu garrantzitsuenetarikoei jarri zien azala, esaterako Tolosako Inauteriei; 53 urtez egin zituen inauterietako kartelak, 1969. urtetik. Duela bi hilabete bidali zion Tolosako Udalari 2022. urteko inauterien kartela.

Tomas Hernandez Mendizabal pintore, eskultore eta kartelgile ezaguna hil da, 81 urterekin. Askotariko diziplinetan eginiko lanengatik da ezaguna, baina bereziki kartelgintzaren munduan egin dituen lan ugariengatik lortu zuen sona sortzaileak. Euskal Herriko ospakizun, emanaldi eta hitzordu garrantzitsuenetarikoei jarri zien azala. Horien artean dira, adibidez, Tolosako Inauteriak, Donostiako Inauteriak edota Donostiako Jazzaldia. Irutxuloko Hitzak 2020ko ekainean elkarrizketatu zuen, eta bertan esan zuen Antxon Elosegi Tolosako Ekimen eta Turismo Zentroko sortzaileak animatu zuela Tolosako Inauterietako kartelak egitera: "Esan zidan, ‘aizu, zergatik ez duzu Tolosako Inauterietako kartela egiten?’. Egingo nuela esan nion, eta horrela hasi nintzen. Lehen, inauterietako datak hurbiltzen zirenean egiten nuen, baina hamabost urte baino gehiago daramatzat martxoan hurrengo urtekoa entregatzen. Datorren urtekoa –2021–, esaterako, entregatuta dago jada".

Tolosako Udala

"Margolaria, eskultorea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzaile ezaguna zen Tomas, eta estuki lotua zegoen ospakizun herrikoiekin, horien artean Tolosako Inauteriekin. Tomasen mailako artista baten lanak prestigioa eta ikusgarritasuna eman dio hasiera-hasieratik Tolosako Inauterien irudiari, eta ezinbesteko laguntza izan da Tolosatik kanpo inauterien izen ona eta erakargarritasuna zabaltzeko", esan du Tolosako Udalak heriotza dela eta. Esker ona adierazi du "gure herriari berrogeita hamar urte baino gehiagotan erakutsi dion eskuzabaltasunagatik, horrelako lan baten balioa handia izanagatik, inoiz ez duelako hutsik egin, eta azkenera arte Tolosarekin zuen konpromisoa bete nahi izan duelako". Udalak doluminak eman dizkie senide guztiei eta esan du Tomas Hernandez Mendizabalen izena  memorian betirako geldi dadin lan egingo duela.

Ikusi hemen, 1969. urtetik diseinatu dituen kartel guztiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!