"Ezinezkoa izango da ohiko programazio osoarekin egitea, baina ahal den neurrian ekimenak gauzatzeko prestaketa lanetan hasi gara"

Ataria 2022ko ots. 11a, 09:31

2020ko txupinazoko irudia

Olatz Peon Ormazabal alkateak esan du inauteriak ospatzea erabaki duela udalak, baina ez dela posible izango programazio osoa egitea. Eragileekin bilerak egingo dituzte datozen egunetan, eta ondoren iragarriko dute egitaraua.

Atzo Labik otsailaren 14tik aurrera osasun larrialdi egoera bertan behera uztea eta egun indarrean dauden neurriak indargabetzea erabaki zuenez  inauteriak ospatzea erabaki du Tolosako Udalak eta eragileekin biltzen hasiko da. 
Datozen egunetan bilerak egingo ditu eragile guztiekin: karrozak eta konpartsak, txarangak, aisialdi taldeak, txosnak... "Eta guztiekin aztertuko da zein ekimen prestatzeko eta gauzatzeko aukera dagoen. Ondoren, inauterien aurretik, iragarriko da eragileekin batera antolatutako egitaraua".


Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez momentuko osasun egoera eta neurriei erreparatuta erabaki zuen udalak inauteriak bertan behera uztea, "egoerak nabarmen egin du hobera eta osasun larrialdi egoera eta indarrean zeuden neurriak indargabetuta, inauteriak ospatzea erabaki dugu, ezinezkoa izango da ohiko programazio osoarekin egitea, baina ahalik eta ekimen gehienak berreskuratu eta antolatzeko prestaketa lanean hasita gaude". 


Udaletik aurreratu dute Ostegun Gizeneko txupinazoa egingo dela, baita Diana ere eta inauterietako kontzertuak ere izango direla kalean. 
Edonola ere, egun batzuk barru iragarriko ditu ekitaldi zehatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!