«Inork gutxik pentsa zezakeen besarkadak eta musuak emateko zailtasunak izango genituenik; baina zubiak eraikitzen jarraitzeko konpromiso irmoa dugu. Orain daukagun distantzia soziala deiturikoak ez du oztoporik sortu elkarrekin lanean jarraitzeko. Korri, Punpa, Tttak elkarrekin egin dugu eta ikastolak erakutsi digu hiru herrien arteko lana posible dela». Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzue eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzolaren hitzak dira. Aurten ez da Kilometroak festa erraldoirik egin; batetik, Ikastolen Federazioak iragarritako eredu berriaren lehen urtea izan delako eta pandemiaren gorabeherak direla medio, bestetik. Igandean lekuko aldaketa egiteko eta aurtengo jaiari amaiera emateko ekitaldia egin zuten, hala ere. Zubimusu ikastolak une gogorrak izan ditu, zailtasunez beteak eta etorkizunera begira ere ez dela erraza izango esan zuten ekitaldian, «baina 2021eko urriaren 3an Gipuzkoako Ikastolen jaia egingo da», esan zuten. Gipuzkoako Ikastolek hartu zuten lekukoa «arduraz eta erantzukizunez».
Etorkizunera begira
Lekuko aldaketa gorpuzten duen egurrezko pieza eskuz aldatu zen ekitaldian eta bi alkateek esan zuten lekukoa hori baino gehiago dela «gure nortasuna, sentimendua, harrokeriarik gabeko harrotasuna, hizkuntzak ematen digun herri izaera, txikia izanagatik ere handia den gure ondarea». «Garrantzi handikoa izango da 2021eko eta datozen urteetako lekukoa hartuko duten ikastolak eta herriak, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitzeko zeregina izango baitute», gaineratu zuten. Etorkizun horretan Zubimusu ikastolak berriz ere lekukoa hartuko balu «oholtzaren gainetik edo behetik babes osoa eta lanerako prestutasuna» izango duela adierazi zuten ere.
Mikel Ugarte Zubimusuko lehendakariak ere hartu zuen hitza eta duela lau urte Zizurkilgo eraikina inauguratu zutenekoa edo garai bertsuan Villabonako Txermin eraikinean egindako lanak izan zituen gogoan, «orduan batez ere irakasleek egin zuten lan ikaragarria eskertu nuen, gurasoen ordezkari gisa, auzolanak izugarrizko garrantzia izan baitzuen».
Urte berezia
Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak bere aldetik aurtengo urtea «berezia» izan dela esan zuen: «Ezin izan dugu behar bezala garatu gure asmoa, baina garbi dugu Gipuzkoako ikastolok egindako hausnarketatik ateratako ondorioak inoiz baino ageriago gelditu direla azken hilabeteotan». Osasun pandemiaren ondorio bortitzez eta horien erreparazioari begira jartzeko beharra ere azpimarratu zituen «izan ere, egunekoan ikastoletan langileak, familiak eta ikasleak pairatzen ari direna ez baita erraza. Egoera honi eustea ez da samurra izango».
Markel Olano diputatu nagusiak ikastolek jokatzen duten «zubi» papera nabarmendu zuen: «Beren inguruko herritarrak, belaunaldiak, izaera anitzeko jendea batzen dute ikastolek».
Azaroaren 13an Donostiako Kursaal Auditorioan egingo den Ikastolatik Herrira ekitaldira joateko gonbita eginaz amaitu zuten 2020. urteko Kilometroak Eguna.