Oinherriko koordinatzaile Maite Azpiazuk, Xabier Sarasua Hik Hasiko kideak, eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak hausnartu zuten gaiaz. Mahi ingurua hiru tartetan banatuta gidatu du Zigor Leunda moderatzaileak. COVID-19aren garaian euskal hezkuntzaren egoeraz jardun dute lehen zatian, segurtasunean eta ikasleen beharretan, euskararen egoeran eta aurrez aurreko eskolen garrantzian sakonduz.
Biharko euskal eskola izan da bigarren multzoaren muina. Argi agertu dute hiru ordezkariek beraien iritzia. Hik Hasiko Sarasuaren hitzetan, “euskal hezkuntzak eraldaketarako izugarrizko premia du”. Hala, nolako jendartea eta nolako Euskal Herria nahi diren hausnartu behar dela adierazi du, eta horretarako “funtsa” hezkuntza izan behar dela gaineratu du: “Hasi gaitezen hausnartzen hezkuntzatik”. Azaldu duenez, Hik Hasik hamar gako ditu identifikatuta hausnarketa hori lantzeko. Hiru gako azpimarratu zituen atzoko hitzaldian: “Komunitatean eta komunitaterako hezi behar da; familian, herrian, aisialdian, eskolan hezten da. Eta bizitzeko hezi behar da, heziketa erdigunean jarriz. Horrez gainera, herritar euskaldun eleanitzak hezi behar ditugu”.
Horretara iristeko “beste hezkuntza sistema bat behar da” Sarasuaren ustez: “Publikoa finantzaketari eta kudeaketari dagokionez, baina anitza eta bateratzailea; autonomoa kanpo eta barne antolaketari dagokionez; irakasleen eta hezitzaileen prestaketa bermatuarekin eta egokituarekin; eta herrian txertatutako ikastetxeekin, herriko eragileekin elkarlanean arituko dena”.
Tellituren ustez “daukagun sistema zentralizatuak ez du gehiagorako ematen”. Europan dauden hezkuntza sistemei erreparatuz, “sistema ezberdin gehiago hartu beharko lirateke kontuan” Ikastolen Elkarteko lehendakariaren arabera. “Ikastetxe bakoitzak autonomia behar du bere erabakiak hartzeko. Hemen salto kualitatibo bat egon behar da, egungo sistemak erabat mugatzen duelako”.
Hezkuntza “euskal hiritar guztion oinarrizko eskubidea” dela gehitu du, eta “horregatik, hezkuntza komunitateari lotutako zerbitzu publiko bat” izan behar dela aldarrikatu du, “izaera parte hartzailea izango duena”. Hor kokatu du Ikastolen eredua. Hala, hezkuntzak bete beharreko hainbat ezaugarri mahaigaineratu ditu: “Irabazi asmorik gabekoa izan behar da, gizarte-ekonomian kokatuta, ongizate estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten duena, ikasle guztien aukera berdintasunak bermatuko dituena, jasotzen dituen funts publikoen berri ematen duena, anitza, laikoa, behar bereziko ikasleei begira arituko dena, harrera plana izango duena…”.
Konpetentzia digitalak ere hizpide izan ditu Tellituk, eta azpimarratu du hezkuntzak naturarekin eta kulturarekin bat egin behar duela. Izan ere, Ikastolen Elkarteko lehendakariaren arabera, “gure hezkuntza prozesuak euskal kulturarekin elkarlanean aritu behar du, arnas guneak galtzen ari garelako eta ezinbestekoak direlako. Nik ez dut euskal hezkuntza euskal kulturarik gabe ulertzen. Horregatik, uste dut kulturarekin dugun harremanari buruz hausnarketa sakon bat egin behar dugula, Ikastola bezala eta herritar modura”.
Oinherriko koordinatzaileak argi adierazi du “hezkuntza eskolatik eta familiatik harago” doala. Azpiazuren esanetan, “eskolak ezin du dena erakutsi, eta hezkuntzaren ardura konpartitua izan behar da”. Hala, adierazi du hezkuntzak “erakundeak eta eragileak barne bildu behar dituela: “Hori da herri hezitzailearen oinarria. Egunero egiten dugun horrekin heziketa eredu bat ematen ari gara, balio batzuk transmititzen ari garelako”.
Azpiazuk azaldu duenez, “norbanakoek, eragileek, erakundeek… ere hezi egiten dute” eta horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da. “Herria espazio hezitzailea da, eta herritar guztiok gara hezitzaileak. Horregatik, eskola eragile bat gehiago izan behar da, eta herriak izan behar du hezkuntzaren ardura konpartitua”.
Horri lotuta, gaineratu du, etorkizuneko euskal eskola “komunitatean txertatuta” egon behar dela, “bertan lantzen diren balio hezitzaileak barneratzeko ardura izango duen komunitatean”. Gakoa, ordea, lanketa hori modu kontzientean edo inkontzientean egiten den dagoela gaineratu du. “Guk modu kontzientean izatea eta egitea nahiko genuke”.
Horregatik, “eskolak herriko eragile bat gehiago izan behar da, eskola barruan lantzen diren balio guzti horiek, haurrak, ikasleak ikusteko modua… ez dira eskolan bakarrik landu behar, herriratu egin behar dira. Herriari uzten badiogu hezkuntza konpartituaren ardura heziketa norabide berdinean bideratuko da”.
Etorkizuneko euskal eskola “kokatuta dagoen komunitatean txertatuta” egon behar dela azpimarratu du Azpiazuk, “bai eta inguruko inguru naturalean eta kulturalean txertatua. Horrez gain, bertan lantzen diren balio hezitzaile horiek herrian sozializatzeko ardura izango du, eta hezkuntzaren ardura konpartitu hori ahalbideratzeko udalekin eta herri eragileekin batera elkarlanean jardungo du”.
“Herriko hezkuntza sare kohesionatu baten protagonista bezala” irudikatzen du Azpiazuk etorkizuneko euskal eskola.